Hizkuntza komunitatea

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2015-02-09 08:34

Soziolinguistikan eta auzo jakiteetan (soziologia, jendarte psikologia edo antropologian) hizkuntza komunitate kontzeptua erabilienetakoa da eta, aldi berean, eztabaidatuenetakoa. Horren adibide euskarazko ordainak izan daitezke: hizkuntza komunitatearekin batera hiztun-komunitate, hiztun-herria, hiztun taldea, komunitate linguistiko, …

 

Gatazkatsua da adigaia eta gatazkatsua adiera bera. Maddi Juaristik kontzeptuaren aurre-atzeak, ertzak eta tolesdurak ederto azaldu eta irudikatu ditu honako prezi honetan:

Izan ere, irudikatzen erraza izan daitekeen arren, komunitatea zer den definitzea zaila egiten zaigu, bai soziolinguistikan bai bestelako jakiteetan ere. Argi dago komunitateak oinarri fisiko zein sozial batzuk izan behar dituela. Hori bai, oinarri horiek zeintzuk diren esatea ez da inondik ere erraza.

 

Bestetik, egile batzuek azpimarratzen dute komunitateak ere badituela nolabaiteko oinarri psikologikoak. Hau da, komunitateko kide izateko pertsona batzuek (guztiek?) komunitate horren partaide direla sentitu behar dute (sentitu edo aldarrikatu, kasu batzuetan).

 

Ikusten denez, kontzeptu bihurria da hizkuntza komunitatea. Kontzeptuaren mugak zein definizio ezek beste kontzeptu batzuk goratu dituzte euren aurre-atzeak hobeto zedarritzeko asmoz: hizketa komunitatea edo praktika komunitatea. Baina bi horiek hurrengo batean, ezta?

 


Utzi iruzkina: