Galiziatik Galesera
Gure nazioartekotze prozesua jarraituz, Galiziatik Galesera egingo dugu salto oraingoan.
Jurgi Kintanak bere blogean galeseraren historia sozialari buruz egin du berba eta inbidia sortu zait. Nik ere nahi dut horrelako zerbait. Hona hemen artikulua:
Gales eta Euskal Herria hainbat arlotan dira antzekoak: neurri eta
biztanle kopuru ia bera dute (biek 20.000 km2, eta 3 milioi biztanle
inguru), bietan bertako hizkuntza gutxitua dago (galesera biztanleen
%21ak daki, euskara %28k), eta bilakaera historikoan ere parekotasun
handiak dituzte.
Antzekotasun
horren haritik ikerketa konparatu bat egiten ari naiz. Egia esan
Erresuma Batura etorri nintzenean uste nuen galeseraren historiari
buruz euskararen historiari buruz bezain ikerketa gutxi egongo zirela
eginda. Baina oker nengoen. Laster topatu nuen A Social History of the Welsh Language
liburu bilduma. Geraint H. Jenkins Galesko unibertsitateko
historialariak koordinaturiko proiektu bat da, Erdi Arotik gaur egunera
arteko hizkuntzaren historia soziala aztertuz. Dozenaka ikertzailek
parte hartu dute proiektuan eta emaitza 11 liburutako bilduma izan da
1997 eta 2001 artean argitaratua. Izatez 5 libururen bi bertsio egin
dira, bata galeseraz eta bestea ingelesez, eta hamaikakoa osatzeko
falta den liburua elebitan argitaraturiko datu estatistikoen tomo bat
da, irudian ageri den hauxe:
Euskal
Herrian, jakina, badira ikerketak euskararen historia sozialari buruz.
Ez dago, ordea, Galesen bezalako proiektu zabal eta koordinaturik.
Euskararen
iragana ikertu duten pertsona gehienak banaka aritu dira, eta arlo bat
edo beste bat arakatu dute, ez historia osoa. Askotan, gainera,
filologoak eta literatur kritikariak izan dira halako lanak burutu
dituztenak, ez historialariak. Ez dut esan nahi hizkuntzan adituen
ekarpenak eskasak direnik. Aitzitik beren lana beharrezkoa da eta ondo
egiten dute. Arazoa da literatura eta filologia arloetatik kanpoko
hizkuntza-gaiak, propioki historialariei dagozkienak, inork gutxik
lantzen dituela.
Galesen bezala beharrezkoa litzateke gure
artean ere, proiektu kolektibo bat, unibertsitate mailako ikerketa
talde batek antolatua, zenbait urtetakoa, beharrezko aurrekontuarekin
eta dozenaka aditu bilduko dituena. Eredua Galesek eskaintzen digu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: