Euskarazko internetek zer behar duen?
Aurrekoan agindu bezala, Denis Elortzak bere sakontze lanean euskarazko interneterako hainbat proposamen bota ditu. Niri oso interesgarriak iruditu zaizkit (eta ez bakarrik ikuspuntu soziolinguistikotik) eta horregatik "lapurtu" ditut.
Testu osoa: Denis
Elortza: “Euskara ingurune globalizatuan. Globalizazioak euskararen
biziraupenerako ematen dituen aukerak”
4.1.1 Administrazio publikoentzako proposamenak
Handitu Interneten erabilera orokorra: merkatu banda zabalerako sarrera, hedatu wifigune publikoak, hedatu banda zabala herri txikietara (euskararen arnasguneetara)...
Handitu euskaldunen teknologia berrietako alfabetizazio maila eta eskaini euskaraz
Internet mundurako lehen pausoa (euskarazko programa, aplikazio eta webguneak erabiliz).
Sortu adituez osatutako Euskararen Batzorde Teknologikoa, Interneten, informazio eta komunikazio teknologietan eta hizkuntza teknologietan hartu beharreko neurriak zein diren erabakiko dituena.
Eman diru-laguntzak Interneten euskarazko edukiak sortzen dituztenei, izan Wikipedia osatzen ari direnei edo izan gutxieneko interes publikoko bestelako edukiak sortzen dituzten elkarte, enpresa zein norbanakoei.
Malguagotu diru-laguntzen sistemak. Internet egunetik egunera asko aldatzen da eta diru-laguntzen programek ezaugarri hori kontuan hartu behar dute.
Lagundu diruz webguneen ostatatzea. Eskaini doako domeinuak. Ezabatu euskarazko edukiak sortzeko Internet erabiltzaileek izan ditzaketen muga ekonomiko eta tekniko guztiak.
Bermatu erakunde publikoen webguneetako eduki guztien euskarazko bertsio eguneratua eta euskararekiko diskriminazio positiboa aplikatu. Sustatu erakunde pribatuen artean ere webguneek hizkuntza eskubideak bermatzeko beharra.
Sustatu indar handiagoz Internet bidezko euskarazko webgune elebakarrak.
Egin inbertsio handiagoak hizkuntza teknologietan: itzulpen automatikorako, ahotsaren tratamendurako, karaktereen ezagutza optikorako (OCR), karaktereen ezagutza inteligenterako (ICR) eta euskararen ezaugarri berezien tratamendurako.
Handitu euskarazko telebisten interaktibitatea Internetek ematen dituen aukerak probestuz.
Handitu hezkuntza sisteman Internetek duen pisua eta hartu euskara erabilera hizkuntzatzat. Hartu neurriak ikasle/ordenagailu ratioa 1 izan dadin.
Behartu diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten paperezko egunkari eta aldizkariak bertsio digital interaktiboak edukitzera.
4.1.2 Euskalgintzako gobernuz kanpoko erakundeentzako proposamenak
Sortu Internet bidezko sareak, trinkotu hizkuntza komunitatea sarearen bidez. Kafe antzokietan dirutza inbertitu baino, Interneteko bilguneak (Goiena.net, Doberaren blog komunitatea...) sortu edo konbinazioa (Espaloia).
Sustatu mota guztietako Interneteko edukien sorkuntza (bloga, tresna interesgarria). Sustatu jendartean euskarazko Wikipedia osatzeko lanetan parte hartzea.
Tokiko euskalgintza erakundeak: sustatu herriko beste eragileen artean (merkataritza, enpresak, herri mugimenduko elkarteak...) Interneten erabilera; adibidez, komertzioentzako ere euskarazko blog plataformak eskainiz.
Tokiko euskalgintzako erakundeak: egin Internet bidezko tokiko komunikaziorako jauzi sendoa, 90. hamarkadan tokiko aldizkarietara egindakoaren parekoa (hainbat eredu: Goiena.net, Uztarria.com, Dobera, Eibar...).
Egin
Firefox nabigatzailearen euskarazko bertsioaren erabilera gizarteratzeko
kanpaina erraldoia.
4.1.3 Informatikari eta internauta euskaltzaleentzako proposamenak
Gizarteratu Interneteko euskarazko mundua komunikabide tradizionalen bidez, bai euskarazkoen eta bai erdarazkoen bidez.
Sustatu denetariko euskarazko edukiaren sorkuntza eta sortu euskarazko edukira iristeko tresnak, edukia sortzekoak, edukia trinkotzekoak.
Egin komunitatea bistaratzeko jarduerak eta tresnak; Informatikari Euskaldunen Bilkurak, EH 2.0, Euskaltube, blogari.net, blogak.com, sustatu.com...
Saiatu tresnak sortzerakoan esfortzuak optimizatzen eta ez lana bikoizten (blogari.net vs. blogak.com vs. mundua.com) eta beroaldien gainetik lehentasunak jartzen (orain nano-formatuak datoz, orain Txioka dago ...). Gutxi zarete eta lan handia dago.
Tresnak sortzerakoan, lehentasunak jartzerakoan, eskaini arreta berezia "Messenger generazioari” (gazteen %88 da Interneten erabiltzaile).
Sortu eta bultzatu Interneten murgiltzeko lehenengo pausoak ematen lagunduko duten euskarazko tresna eta ekimen gehiago (Tailerrak 2.0).
4.1.4 Internet erabiltzaile euskaldunontzako proposamenak
Ez izan soilik ikusle, kontatu zure bizitza, konpartitu afizio eta bizioak, apunteak... finean, islatu euskaldunon bizimodua, kultura, hizkuntza... Interneten.
Bilatu euskaraz, erabili euskarazko orrietarako link-ak, erabili euskarazko bilguneak [nodoak] (Zabaldu.com, bildu.com, sustatu.com, aurki.com, txioka.net...)
Sortu harreman sareak (Facebook, MySpace...)
Erabili software librea, euskararekiko abegikorragoa da. Erabili Firefox: euskaraz dago, Euskalbar dauka, ...
Ez erabili Copyright-ik, ez edukien banaketa libre edo biderkatzailea eragozten duen lizentziarik.
Edukiak Interneteratzerakoan eman lehentasuna eduki eta modu
berritzaileei.
Iruzkinak
Ibon 2008-03-06 09:34 #1
Euskarazko edukietara iristeko tresnen artean, nik beste bat aipatuko nuke: Elebila.eu

dENiS 2008-03-06 15:46 #2
Ibon, jakina, Elebilaren arrastorik ez dago nire txostenean eta leku berezia izan beharko luke... Baina txostena idatzi nuenean (2007ko udan) artean ez zegoen Elebilarik eta ezin, beraz, nik txostenean idatzi.
Batean eta bestean, Garagoikoan, Zabaldun eta irratia.com-en oraintsu azaldu da txosten hau baina txostenaren sarreran bertan abisatu nuen:

"Globalizazioan murgildutako informazioaren gizarte honek duen abiada kontuan izanda, egindako azterketak zein emandako jarraibide horiek berehalako iraungitze data dute eta, beraz, lan hau irakurtzen duzunerako idatzitako kontuetako asko kontu zahar izango da. Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu."

Utzi iruzkina: