Euskarari lotzeko balio sorta zaharberritzen

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2010-07-05 21:28

Orain hilabete batzuk esan nuen jarraituko nuela Juan Inazio Hartsuagaren liburuarekin. Eta esandakoa bete dut, Lantalanen bada ere. Baina bueno, oraingoan ere hona ekarriko dut.

Juan Inazio Hartsuagak honako liburua idatzi du orain dela gutxi: Euskararen egoerari irizten. Hango kapitulu baten izenburua da artikulu honen testua, eta kapitulu horren laburpena da artikulua.

Zer nolako ezaugarriak izan beharko lituzkete sorta horretan sartu beharreko balio eta ereduok?

  • Irekitasuna, zabaltasuna: ahalik eta jende gehienaren identifikazioa errazteko.
  • Abegikortasuna: euskararen etxetik inor kanpoan ez dela geratzen erakusteko modukoa.
  • Protagonismo banatzailea izatea: gizarteko gizabanako eta talde guztien protagonismoa eta ardura azpimarratuko duena.
  • Atzera baino, aurrera begiratzen duena izatea, atzean ez baitugu behar dugun moduko eredu soberarik.
  • Baikortasuna.
  • Benetakotasuna, errealitateari begirunea izatea, mitoetatik urruntzea.

Ezaugarri horietan oinarriturik, honatx hainbat proposamen zehatz:

  • Kito arbasoekin. Hitz egin dezagun eteten ez den kateaz. Kanpotik etorritakoak ezin ditu hemengo arbasoak izan. Areago, hemengo arbasoen kontu horrek ez du batera laguntzen haren euskararekiko identifikazioa sendotzen. Baina eteten ez den katearen maila garrantzitsua izan daiteke zorioneko arbasoak bezalaxe eta arbasoon oinordekoak bezalaxe. Edo kate maila garrantzitsuago seguru asko oinordekoek azken honetan egiten duten ume kopuruari erreparatuz gero.
  • Kito hizkuntza zaharrenaren kontuarekin. Ekaingo ehiztariek proto-euskaraz zihardutenean gainerako gizakiak ez ziren mutu. Garai hartako gizaki guztiek hitz egiten zuten. Eta gaur hitz egiten diren hizkuntza guztiak garai hartako hizkuntza batetik edo bestetik etorriak dira, eta ez geroztik asmatutakoak. Euskararen meritua ez da besteak baino zaharrago izatea (...). Euskara iraupen adibide paregabea da. Aspaldian Eurasian zabaldu eta nagusitu zen hizkuntza familia bateko oinordeko bakarra Europan. Hizkuntza indoeuropar hedazaleek inguraturik ia 3000 urtez bizirik irautea asmatu duen tradizio militar edo hedazalerik gabeko herri baten hizkuntza. (...)
  • Baserriko eredua gainetik kendu ezinik gabiltza eta hori hizkuntza politikaren porrotaren adibide garbia da. 2009an Peru Abarka eta Maisu Juanen arabera gabiltza oraindik. Tolosako ikastolan umeren batek euskara egoki eta bizi erabiltzen duenean casherito deitzen diote (...)

Dinamika ezkor honek baditu bere salbuespenak halere. Urriak eta mugatuak beharbada, baina bide erakusle izateko behar adina nabarmenak:

  • Surfaren mundua, zeharo berria, tradiziotik jaregindakoa eta euskararen ohiko girotik kanpokoa izan arren, euskalduna da gehien bat, euskarak bereganatu du.
  • Enpresa mundua: garai bateko enpresari euskalduna ezinbesteko euskaldunaren eredu zen, batere euskaltzaletasunik gabekoa. Gaur egun, enpresa munduari buruzko erreportaje eta albisteetan ohikoa bihurtu da hizkera egoki eta dotorez mintzatzen diren zuzendari, teknikari eta ikertzaileak entzutea.
  • Bertsolaritza: aurreko tradizioarekiko arbuiorik gabeko etena burutu du. Goitik behera zaharberritu da: gaiak, doinuak, neurriak, bertsolariak eta bertsozaleak. Amets bat litzateke ideologikoki gehiago zabaltzea, baina hori, bertan dagoenarena baino, bertan ez dagoenaren ardura da, daudenek eta ez daudenek biek lagundu beharko badute ere.
  • Ikastolak: modernotasun eta bikaintasun eredu bilakatu dira alor askotan. Euren jatorrizko helburua euskara eta euskal kultura suspertzea dela era dinamikoan ulertu dute eta hainbat arlotan hezkuntza sistemaren buru jarri dira, hala nola, kalitatearen kudeaketa, ingelesaren irakaskuntza, etab.

Izango dira aipatu gabe uzten ditudan salbuespen gehiago ere. Barka biezadate ahaztutakoek. (...)

Euskaltzaletasuna euskararen gainbeheraren pertzepzioarekin garatzen da gehienbat. Horregatik erreferente ugarienak XIX. mendetik egundainokoak eta kutsu ideologiko eta politikoz beterikoak dira. Beste eredu batzuk indartu behar ditugu. Gaur egungoak batik bat (...) Eredu berriak behar ditugu, euskaltzaletasun natural bezain militantekoak. Militantzia apal eta irribarretsu bezain tinkokoak. (...)

Zaindu dezagun euskararen estatusa. Azken 30 urteotan zalantzarik gabe huts gehien egin den alorra. Duela 40 urte euskarak ez zuen ia ezer. Izen ona eta prestigioa besterik ez. Gaur egun ia dena du, baina bere estatusak okerrera egin duela esango nuke. (...)



Utzi iruzkina: