Euskaldun zaharrek euskaldun berriekin aritzeko oharrak
Soziolinguistika domestikoaren ildoan, beste ekarpen bat, euskeraikasi blogetik ateratakoa, euskaldun zahar eta euskaldun berri terminoekin bat ez etorri arren.
Euskararen unibertsoa zabala bezain heterogenoa da. Bateratze, normalizazio eta estandarizazioa orain dela urte gutxi batzuk hasi zen (1960 hamarkada inguruan). Hori dela eta, 1960 urtetik edo ondoren jaiotakoak (50 urte baino gutxiagokoak) euskara batuan aritzeko, edo ulertzeko behinik behin, gaitasuna dute -alfabetatuak daudenak, hain zuzen-.
Hortaz, hiztun horientzat ohar batzuk helarazi nahi diet euskaldunberri batekin aritzean direnerako. Euskaldunberriaren mailaren arabera, ekiditu hurrengoak:
-
Abiadura. Astiroago egizu!
-
Laburdurak. Adibidez; “begiratu” ordez, askotan “beitu” (be[g]i[ra]tu) esaten dugu. Edo “gehiago” ordez, “gehiao” (gehia[g]o) edo “gehio” (gehi[ag]o)…
-
Aldaerak. Aditz, hiztegi edo egiturak ez aldatu gehiegi: “dut” ordez, “dot” edo “det”; “ditut” ordez “dittut”; “zait” ordez, “jata”; “beste” ordez, “bertze”; “bezala” ordez, “lez”; “entzun” ordez, “aittu” eta abar.
Imajina ezazu beste pertsonak “zer egin duzu?” ikasi duela. 3 faktore hauek kontuan hartzen ez baditugu (abiadura, laburdura eta aldaera), horrela izatera igaroko da:
Zer egin duzu? (guztiz ulergarria)
Ze egin duzu? “r” galdu dugu (oraindik ere ulertzen da erraz). Laburdura.
Ze egin dozu? Aldaera, “duzu” ordez “dozu”, bizkaieran.
Ze ein dozu? “g” galdu dugu. Laburdura.
Ze in dozu? “e” galdu dugu. Laburdura.
Ze’in’ozu? “d” galdu dugu. Laburdura. Arin-arin esaten badugu, ez digute tutik ere ulertuko.
Imajina ezazu gaztelaniaz ikasten dabilen bati “Bilbao” edo “pescado” esateko “Bilbau” edo “pescau” esaten diogula. Edo “para adelante” beharrean, “pa´lante”. Ingelesa ikasten bagabiltza, “We’re going to do it” ordez, “we’r goin to do it” edo “we’r gonna do it” esaten dizutela.
Edo “Go and take them” ordez, “Go get’em” diotsutela.
Edonola ere, kontuan hartu zure jarrera ere oso garrantzitsua dela. Erantzukizun handia duzu hiztun horren aurrean. Gogoratu hurrengoa:
-
Pazientzia izan behar duzu. Euskaldunberri horren egoera ULERTU behar duzu.
-
Jarri bere azalean. Guretzat erraza dirudiena besteentzat oso zaila izan daiteke. Atzerrira joan bazara eta beste hizkuntza batean aritu bazara konturatuko zinen honetaz.
-
Txalotu bere ahalegina. 2 hitz hauek erabili: OSO ONDO! Ez pasatu gaztelaniara besterik gabe. Gaztelania eta euskarako nahasketa egin dezakezu beldur barik, baina eutsi euskarari. Zuk egiten ez baduzu, berak are gutxiago.
Orain, euskaldunek (euskaldunberri zein euskaldunzahar) euskaraz ez aritzeko arrazoiak aztertuko ditugu. Ziurrenik, zuk ere arrazoi hautetako baten ondorioz erdarara jo duzu.
-
Interlokutoreak (solaskideak) euskaraz dakien edo ez, ez jakitea.
-
Lotsa. Arreta deitzeko edo jendeak arraro begiratzeko.
-
Beldurra bere interlokutoreak izango duen erreakzioaren inguruan. Beldurra, norbaitek “erradikal” bezala etiketatzearena.
-
Hizkuntza guztiz ez menperatzea. Edo, menperatuta ere, akatsen bat edo beste egiteko aukeragatik.
LOTSAREN GURPILA
Lotsaren gurpil maltzurra: hizkuntza bat ikasi edo gizartean normalizatzea, bateraezina da lotsarekin. Lotsarekin apurtu beharra dugu, gurpil zoro horretatik aldentzeko.
Urtz taldearen abesti batek dioen bezala “eroriz ikasten da oinez” eta “ibiliz, egiten bada oinez, has gaitezen bidea egiten!”.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: