Estereotipo batzuek ez dute laguntzen
Aurrekoan Leioatik web telebistako atal bat ikusi nuen, euskarari buruzkoa. Gazte unibertsitarioek euskararen inguruan zer duten esateko bultzatu ninduen eta muturra sartu eta bideoa ikusi nuen ...
Lehen minututik aztoratu nintzen. Eguraldia eman zuten, Euskal Herriko mapa jarri Espainiako banderez josita Hegoan (Bizkaian, Araban eta Nafarroan), eta Frantziako banderak Ipar Euskal Herriko “mikrokliman” (euren berbak dira). Baina … hura sorpesa: Goierrin antizikloia dago eta antizikloi horrek eramango du Bizkaira, behinik behin, euskara.
Gero, EHUn dagoen euskararen egoerari buruz ari dira. Eta aurkezleetako batek honakoa esaten du: “jende gutxi-gutxik egiten du eta, gainera, gaizki”. Eta, ostean, EHUko Euskara Planari buruzko datuak eta iritziak tartekatzen ditu, nahiko modu didaktikoan.
Ondoren, euskara taldeetan dabiltzan hainbat gazte elkarrizketatzen dituzte. Talde bakoitzaren helburuak, lan ildoak eta abar aipatzen dituzte, eta euskaraz ikasteko dituzten traba eta oztopoen berri ematen dute.
Ostean, irakasleak aukeratzearen inguruko parodia egiten dute. Eta … lehenengoa Mari Kruz Gonzalez da, euskaraz trakets egiten du (Gonzalez abizenarekin ezin ondo egin euskaraz antza). Bigarrena, azkoitiarra, izen eta abizen euskaldunak eta euskaraz ederto moldatzen da. Eta abar (Tafallako euskaldun bat aurkezten dute eta Erribera kanta jarri, ai ama).
Topikoak, estereotipoak … barra-barra. Goierri ikurrinaduna, Bilbo inguruak espainol, gaizki egiten dutenak (zuzentasunari ere egin behar diogu aurre inoiz), Gonzalezek txarto, azkoitiarrak ondo, … Errealitatea eraldatzeko errealitatea bera irudikatzen dutenak zalantzan jartzea ezinbestekoa da, eta kasu honetan, aurrerapauso gutxi, aniztasun gutxi eta topikoak zientoka. Ai ama!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: