Eskolaren mugak euskararen normalizazioan

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-12-17 09:14

Orain dela urte batzuk, askok uste zuten eskolak salbatuko zuela euskara, euskara eskoletan sartuta salbu ikusiko genuela. Denbora aurrera joan ahala, gero eta gutxiago dira hori uste dutenak, gero eta gutxiago hori sinesten dutenak.

Izan ere, eskolak muga nabarmenak ditu hizkuntza bat normalizatzeko (edo biziberritzeko edo salbatzeko); eskola barik, ezinezkoa izango da, baina eskolarekin bakarrik ere ezinezkoa da. Hizkuntza bat normalizatzeko aldaketak jendartean gertatu behar dira, jendarteak izan behar du prozesu horren gidaritza.

Hala ere, horrek ez du esan gura eskolak egitekorik ez duenik hizkuntza baten biziberritze edo normalizazioan. Hiru egiteko nagusi ditu eskolak euskararen berreskuratzean:

Lehenik eta behin, eskolak euskararen gaitasunean eragin behar du, eskolak euskara irakatsi behar du. Baina argi izan behar dugu eskolak berak bakarrik ezin duela euskaldundu. Alde batetik, eskolak gaitasun formalak transmititu behar ditu, hau da, idazten eta irakurtzen irakatsi behar du. Baina hizkuntza baten erabileran, batez ere, gaitasun informalak dira erabakigarriak. Eskolak gaitasun informalak transmititzeko zailtasunak ditu, itzelezko zailtasunak. Ezinezkoa du eskolak gaitasun informal hauen transmisio erabatekoa bermatu, ezinezkoa.

Baina behintzat gune erdaldunenetan, eskolak uharteak izan behar dira, euskararen uharteak. Eskola orduetan ez ezik, eskolaren ingurumen osoan ere: eskolaz kanpokoak, autobusak, jantokia... Eta horrekin nahikoa ez da, baina bada zerbait. Bidegorriak eraiki behar ditugu euskararentzat. Izan ere, Pello Jauregik dioen modura, egitura horizontal batean euskararen erabilera nahikorik ezean, ume edo gazte horiek ezin izango dute euskararen ezagutza jaso, ezin izango dute eskolan ikasitako euskara mehe hori kalean erabili. Eta zeintzuk dira egitura horizontal horiek? Ba, lehena eta garrantzitsuena familia da. Baina eta familia erdalduna bada, zer? Bestelako egiturak hartu behar dira aintzat: lagunarteak (koadrilak), aisialdiko ekintzak, gertuko komunikabideak...

Bigarrenik, eskolak euskararekiko afektibotasuna transmititzen ere jakin behar du. Baina, aurrekoan esan bezala, hori ere ezin da osoa izan. Familiak egiteko garrantzitsua dauka horretan, dudarik gabe. Baina familian transmititu den (edo ez den) hori eskolak sendotu behar du, ezin du gehiagorik egin eta ezin zaio gehiago eskatu.

Eta, azkenik, eskolak ikuspegi soziokultural jakin bat transmititu behar du. Unibertsaltasunetik abiatuz, guk hizkuntza komunitate gisa munduari egiten diogun ekarpen berezia transmititzen jakin behar du. Horretarako, jakina, gizartearen laguntza ere behar du, nekez transmititu baitezake eskolak, ez badago zer transmititzerik.

Horiek guztiak dira egitekoak. Ez gutxiago, ez gehiago. Argi ikusten da, hortaz, eskolak dituen mugak. Eskolak ez du euskara salbatuko, ez horixe. Eskolak ezin du berak bakarrik erabilera suspertu. Ikasi arren, erabili ez da egiten beste barik. Bestelako faktoreak sartzen dira saltsa horretan eta guztiak eskolaren eskumenetik urrun daude, eskolaren egitekoetatik urrun eta eskolaren ahalmenetik urrun.

Gaur egun, jendartea eta eskola abiada ezberdinean doaz hainbat eta hainbat lekutan. Eta horrek zerikusi zuzena du eskolaren eraginkortasunarekin. Sarritan entzun dugu ume edo gazteek ez dutela euskaraz berbarik egiten, euskaraz jakin arren. Eta hori hain zuzen ere, bi abiadura horien ondorio da. Ez gutxiagorik, ez gehiagorik. Erreleboka egin beharrean, bakoitza (eskola eta gizartea) bere kabuz doa lasterketa egiten eta horrela emaitza kaskarragoak lortzen dira, argi eta garbi. Ezinezkoa da eskolak errelebo guztiak ematea eta, bitartean, gizartea bide bazterrean begira egon (edo, gehienez ere, txaloak ematen egon).

Gune erdaldunetan euskara ikastea (eskolaren bidez) nekezagoa eta motelagoa da. Izan ere, giroak eta jendarteak ez du laguntzen. Eta sarritan umeek eurek euskara irakaskuntzarekin eta ikastetxearekin baino ez dute erlazionatzen. Eta horrek kale erabileran eraginik ez izatea dakar. Eta horrek euskara ikastea moteltzen du. Eta berriro hasi. Zirkulua. Behin eta berriro zirkulua.

Gizarteak euskararen ikaskuntzan eta irakaskuntzan berebiziko garrantzia du. Gizarteak du gakoa, eskolaren laguntzarekin beti ere. Baina gizartea da tira egin behar duena, eskolaren bizkarrean ezin da zama guztia laga. Eskolak berak ez du errealitate linguistikoa itzulipurdikatzeko aukerarik. Gizarteak izan behar du gidaritza, gizarteak jasan beharko du egoera aldatzearen zama gehiena.

Eta hau guztia ez diot nik neuk bakarrik. Mundu mailako soziolinguistikan aditu diren gehienek ohartarazi dute eskolaren mugez. Euskararen biziberritzearen borroka ez da jokatzen eskolaren tatamian, benetako borroka gizartearen tatamian da, gizarte prestigioaren tatamian, gizarte aldaketak erabakitzen diren tatamian. Euskararen biziberritzea ez da arazo pedagogikoa, arazo soziologikoa da, ez da arazo linguistikoa ere, arazo politikoa baizik. Eta hor egin behar da indarra.


Utzi iruzkina: