Erruleta 8: Euskara oso hizkuntza kutsatua da
Motibazioa sustatzeko baliabideak izeneko blog-etik zortzigarren aurreiritzia.
Kutsadura ez da hizkuntzen arteko harremana adierazteko termino egokia, besteak beste, oso konnotazio txarra duelako, eta zenbaitetan oso normalak, ohikoak eta ezinbestekoak diren fenomenoak azaltzen ditugulako hitz horrekin. Hizkuntzen artean hitzak trukatzea eta mailegatzea gertaera guztiz arrunta da, saihestezina, eta ohikoa. Munduko hizkuntza guztiek, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago, beste hizkuntza batzuetatik hartutako hitzak dituzte. Nazioarteko hizkuntzarik zabalduenak ere (ingelesa, frantsesa, gaztelania…), elkarri hartutako hitzez josita daude. Eta askotan, hiztunak berak ez daki “bere” hitz hori auzo-hizkuntzari hartu zaionik. Hizkuntzen artean hitzak mailegatzea ez da, berez, gauza “txarra” edo saihestu beharrekoa, konplexua edo lotsa eragin behar diguna, eta beste hizkuntza batzuetatik hartutako terminoak erabiltzeak ez du esan nahi hizkuntza kutsatua dagoenik, termino horiek asko izan arren.
Bestelako kontua da ikustea elkarri maileguak egiteko joera horretan ematea eta hartzea ez dela modu orekatuan gertatzen. Bistakoa da, hiztun komunitateen arteko botere harremanen ondorioz, ingelesa dela gaur egun gainerakoei hitz gehien ematen dien hizkuntza. Euskarak ere, bere historian zehar, eman baino gehiago hartu egin du. Mailegu hartze hori modu “jasangarrian” gertatzen den bitartean, ez dugu hizkuntza kutsatua dugunik pentsatu behar. Neurrikoa den bitartean, hizkuntza ez zaigu beste baten baitan “diluituko”. Arazoa gerta liteke maileguek neurria gainditzen dutenean, masiboki modu traketsean jasotzen direnean, edota hiztegiaz gainera gramatikako eta sintaxiko bestelako ataletan ere neurri gabe gertatzen direnean. Ez da hori, oraingoz bederen, gure kasua. Bestalde, sarritan, “kutsatuaren” irudia eman dezakeena ez da euskara bera, euskaldun partikularren hizkuntza jarduna baizik, zenbait arrazoi direla-eta euskarak eskaintzen dizkigun baliabideei muzin egin diogulako: erabateko utzikeriaz edo alferkeriaz jokatzen dugulako; baliabide horien jabe ez garelako; komunikaziorako erregistro “nahasi” bat nahita hautatu dugulako… Arrazoi horiek edo beste batzuk direla medio, erdaratik hurbil samar dagoen hizketa moldea erabiltzen dugu, eta hizketa kutsatuaren sentsazioa handitzen da. Horrek, nolanahi ere, badu irtenbidea, neurri batean hizkuntza komunitateari baina beste zati batean hiztunari berari dagokiona.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: