Erruleta 7: euskara hizkuntza pobrea eta sinplea da
Motibazioa sustatzeko baliabideak izeneko blog-etik zazpigarren aurreiritzia.
Batzuek uste dute, baita esan ere, hizkuntza batzuk primitiboagoak eta sinpleagoak direla. Jakina, gogoan dituztenak Afrikako, Amazonaseko edo Australiako tribuen hizkuntzak dira. Uste dute ez direla hain hizkuntza eboluzionatuak, sinpleagoak direla, ez hain zehatzak… Hori guztia aurreiritzien eta ezjakintasunaren ondorioa da.
Hizkuntza horiek aztertu eta ezagutu dituzten hizkuntzalariek garbi esan eta erakutsi dute hizkuntza horien egitura gainerakoena bezain aberatsa eta konplexua dela. Ustezko hizkuntza primitibo horien zenbait ataletan (aditza eta morfologia, esaterako), batzuetan sistema oso konplexuak agertzen dira, eta guk adierazi ezin ditugun gauzak adieraz ditzakete. Adibidez: hizkuntza batzuetan, marka morfologiko baten bitartez (aditzaren barruan dagoen soinu jakin bat), adieraz daiteke esandako hori entzundakoa den, ikusitakoa den, norbaitek kontatua den, ustea besterik ez den… Oso ñabardura zehatzak egiteko balio duen sistema da, gure inguruko hizkuntza “modernoek”, esaterako, ez dutena. Edozein hizkuntza, baita tribu galduenaren hizkuntza ere, gizakiaren eboluzioaren eta sormenaren produktu zoragarria da, izugarrizko konplexutasuna duena. Kasu guztietan, hizkuntzak herri edo kultura horri balio dio bere bizitza egiteko. Eta bizimodua aldatzen bada, hizkuntza bera ere egokituko da, baduelako horretarako malgutasuna eta potentziala. Hizkuntza guztiek dute gaitasuna eta behar adina baliabide edozein gauza adierazteko, abstraktua nahiz zehatza izan, kulturala, metafisikoa edo teknologikoa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: