Erruleta 2: euskara hizkuntza zaharra da

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2013-09-16 08:30

Motibazioa sustatzeko baliabideak izeneko blog-etik bigarren aurreiritzia.

Oso topiko zabaldua da, eta, itxuraz behintzat, oso gure gustukoa. Eta txikitasunaren kasuan bezala, hori ere zehaztu eta argitu behar da. Hasteko, esan beharko genuke ez dagoela hizkuntza zaharragorik edo berriagorik. Munduko edozein hizkuntza hartuta, eta bere bilakaeran atzera eginez gero, hizkuntzak sortu ziren unera iritsiko ginateke. Ez dugu aurkituko historiaren edo historiaurrearen une jakin batean artifizialki sortutako hizkuntza naturalik. Hartu euskara, edo gaztelania, edo kitxuera, edo arabiera… atzera joan, eta hizkuntzaren edo hizkuntzen sorrera momentura iritsiko gara kasu guztietan. Ezagutzen edo kontrolatzen ez dugun une batera, betiere.

Hizkuntzei izena aldatu zaie, eta orain gaztelania dena lehen latina zen, eta aurrerago indoeuroparra-edo, baina ez dago hausturarik, dena kate bat da, denboran atzera etenik gabe jarraitzen duena. Eta hori hala da munduko hizkuntza natural guztietan. Munduko hizkuntza guztiak, beraz, zentzu horretan behintzat, zaharrak dira. Ezin esan, horrela ikusita, bat bestea baino zaharragoa denik, noizkoak diren ere ez dakigu-eta! Beste kontu bat da, eta ezberdina da, hizkuntza batek toki jakin batean duen antzinatasuna. Alegia, noiztik dagoen hizkuntza bat toki jakin batean kokatuta. Eta horretan badaude aldeak. Esate baterako, euskara gaztelania baino askozaz lehenagotik dago Europako txoko honetan kokatuta, bizirik. Hori badakigu, eta gauza ziurra da. Euskara, beraz, hemen, Euskal Herrian zehazki, gaztelania baino zaharragoa da, eta baita Europako mendebaldean dauden beste gainerako hizkuntza guztiak baino zaharragoa ere.

Euskara da mendebaldeko Europa zaharretik iraun duen hizkuntza bakarra. Baina beste hizkuntza horiek, aspaldiko garai haietan ere existitzen ziren: beste forma batekin eta beste toki batean, baina izan baziren. Ezinen diegu hori ukatu! Hori guztia esanda, ez diogu baliorik kenduko euskarak bertan duen antzinatasunari, eta horrek ematen dion berezitasunari. Garai bateko Europa zaharraren aztarna bat da, linguistikoki bakarra eta berezia agian, eta horrek besteak baino hobea bihurtzen ez badu ere, gauza interesgarria eta baloratzekoa badela esan genezake.


Utzi iruzkina: