Erruleta 1: euskara hizkuntza txikia da
Motibazioa sustatzeko baliabideak izeneko blog interesgarritik “lapurtuko” ditugu eduki batzuk gaurtik hasita. Aurreiritzien kontrako pilulatxoak izan nahi dute hauek.
Euskara hizkuntza txikia da:
“Hizkuntza txikia” horrekin zer esan nahi dugun argitu beharko genuke deus baino lehen. Hiztun kopuruaz ari baldin bagara, orduan agian bai, agian hitz egin dezakegu hizkuntza txikiez eta handiez. Baina garbi izanda kantitate hutsaz ari garela, hiztunen kopuruaz. Kontua da askotan beste zerbait ulertzen dela “hizkuntza txikia” esaten denean, eta normalean usain edo konnotazio txarra izaten duela horrek. Alegia, “hizkuntza txikia” entzuten dugunean, askotan bizitasun gutxiko hizkuntza ulertzen da, edo hizkuntza pobrea, edo garatu gabekoa, edo balio gutxikoa, edo… Eta alde horretatik, gure ustez behintzat, ez dago hizkuntza txikirik eta handirik. Munduan diren hizkuntza natural guztiek balio handia dute, edozein gauza eta behar dugun guztia adierazteko balio dute, konplexutasun ikaragarrikoak eta oso aberatsak dira…
Hizkuntzak ezin ditugu, beraz, balio dutenaren araberako hierarkia batean jarri. Egia da, nolanahi ere, txikitasunak ez duela nahitaez konnotazio txarrik izan behar, eta gerok ere, euskaldunok, askotan balio on gisa erabiltzen dugula, gure txikitasunaz harro. Txikiak gara eta harro gaude. Baina txikitasun hori ongi azaldu eta zehaztu beharra dago, zertan garen txiki ongi azalduz. Alegia, beste hizkuntza batzuk baino hiztun gutxiago dauzkagu, eta hori ez da arazoa guretzat; baina gure hizkuntza, eta munduko hizkuntza “txiki” guztiak, ez dira hizkuntza “handiak” baino sinpleagoak, edo pobreagoak edo balio gutxiagokoak. Eta bestalde, zenbakiei begiratuta ere, txikitasun hori ere oso erlatiboa da. Jakina, gure ondoko hizkuntza “boteretsuekin” alderatuz gero, euskara txikia da: espainolak, frantsesak, ingelesak… hiztun asko dituzte, haien hiztunak milioitan zenbatzen dira. Baina munduko hizkuntza guztiak kontuan hartuz gero, gurea ez dago hiztun gutxien dituzten hizkuntzen taldean.
Euskarak 800.000 hiztun inguru dauzka. Munduan bizirik dauden 7.000 hizkuntzetatik % 80 inguruk 100.000 hiztun baino gutxiago ditu. Hau da, munduko hizkuntza gehienek gureak baino dezente hiztun gutxiago dituzte. Horrela begiratuz gero, ez da gurea, bada, “hizkuntza txiki” horietakoa. Baina horrek, esan bezala, ez du gurea beste horiena baino hobea edo ederragoa bihurtzen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: