Erdaldunak eta euskara

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2010-05-03 21:33
1

Martinezena blogak gaur hiru urte egin ditu. Eta hiru urtetan hainbat artikulu interesgarri. Eta azken aldian ere bost artikulu oso interesgarri plazaratu ditu. Erdaldunak eta euskara izeneko liburutik hartutako aipuak.

1.- Erdaldunek gehiegizko konfiantza dute hezkuntzan eta seme-alabengan, euskararen etorkizunari dagokionez. Gehiegizko baikortasun hori ez jakitearen ondorioa da

Erdaldunen gehiegizko baikortasunak oso oinarri ahula du. Esaterako, Bizkaiko Ezkerraldeko erdaldun batek itxaropentsu deritzo euskararen erabilera sinboliko edo enblematikoari: aurrerapen gisa ikusten du kalean "kaixo" edo "aita" entzutea, aspaldi batean horrelakorik entzuten ez zelakoan. Horrelako erabilera urria du, beraz, oinarri jarrera baikor horrek.

Euskararen idealizazioa ere ez jakitearen ondorio zuzena dugu: euskara hizkuntza eder oparoa eta oso zaila dela diotenean, agerian jartzen dute ez dutela beste inongo hizkuntzarik sakon ikasi, euskararen gainean dioten berbera esan baitaikete munduko hizkuntza guztien gainean edo behintzat ingurukoen gainean dudarik gabe.

Azkenik, ezinbestez nabarmendu behar dut liburuko baieztapen kezkagarri baina argigarria: "Euskara beste hizkuntza batzuk baino zailagoa delako usteak batzuetan euskararen kontrako jarrera ezkutatzen du"

2.- Administrazioak koherentziarik gabe dihardu euskara kontuetan eta hainbat lanpostutan euskara exijitzeak kalte egiten dio euskarari

Euskara jakin beharra administrazioko behe-mailako lanpostuei ezartzen zaie gehienbat. Iritzi orokortua da batez ere jende aurreko langileek, herritarreiko harreman zuzena daukatenek jakin behar dutela euskaraz. Baina, pentsa dezagun: udaletxe batean nor EZ dago jendearekiko kontaktuan? Hirigintza zuzendariak, kasu, ez al du lagunik hartzen despatxuan? Edo kontratariak ez al dira "jendea", ez eta "herritar" ere? Izenik gabeko jendeaz ari gara bakarrik eta ez izen-abizendunez?

Badirudi euskara telefonari edo mostradore atzekoei baino ez dagokiela, besteek nahikoa baitute abokatu edo arkitekto "onak" izanik. "Se admite que la gente de cierta cualificación no habla euskera", dio berbaz berba liburuko batek. "Al mundo de la empresa hay que dejarle que se bandee con sus propias reglas", beste batek.

Euskara exigitzeak hizkuntzari kalte egiten diola esaten duena motibazio instrumental hutsaz ari da, erreparatu gabe, agian, gutako gehienok motibazio instrumental huts-hutsak bultzatuta ikasi dugula ingelesa edota frantsesa eta horrek ez diela batere kalterik egin hizkuntza handi horiei; are kalte txikiagoa egingo lioke, beraz, euskarari.

Ez da, beraz, guztiz zuzena euskara exijitzeak kalte egiten dionik euskarari: euskara exijtzeak hizkuntzaren industriari ematen dio jana eta hizkuntzaren industria egitea oso ona eta ongarria zaio hizkuntzari. Errepara diezaiogun, esaterako, ingelesaren industriari. Zer dakarkio hizkuntzari? Onik ala txarrik? Zalantazarik ez dago. Hala eta guztiz, Eusko Jaurlaritzako bedela izateko euskara jakin beharrak eta zuzendari nagusia izateko, ordea, beharrik ezak ez diote batere onik egiten hizkuntzari.

3.- Erdaldunak erraz gogogabetzen dira euskara ikastean

Zergatik? Funtsean ikusten dutelako, ikasten urte luzeak emanda ere, sekula ez dutela erdietsiko euskaldun zaharren "bataz besteko" maila. Eta "ikuste" erdi ustel horren errua neurri handi batean euskaldun zaharrei dagokie, ez baitituzte usu txalotzen euskaldun berrien aurrerapenak, ez eta esfortzu handiak ere, baizik eta sarriago guztiz kontrakoa egiten baitute: hots, hainbatetan ematen du hanka-sartze nimiñoenaren zain gelditzen direla, trufa egiteko, labelik gabeko hizlaria barregarri uzteko. Eta, jakina, euskaldun berriak, konturatutakoan, nola erantzungo dio horri? Bada, haserrez eta etsia: "Egizu gure duzuna zeure hizkuntzarekin; ni neurera bueltatuko naiz-eta".

Jarrera hipereredugarri, arauemaile eta intolerante horrek on egingo dio agian luzera hizkuntzaren kalitateari, baina ez zaio batere mesedegarria hizkuntzaren erabilera naturalari. Hautua egin behargo dugu apika: kalitatea ala erabilera?

Bestetik, lerrotik eta betiko suntsitu beharko genuke hizkuntzak txikitan ikasi behar direla eta heldutan zer eginik ez dagoelako uste xamur alfer gezurrezko hori, beste arrazoi asko beste direlarik, horrek ere euskararen kontrako jarrera estaltzen duelako.

4.- Bi mundu daude: euskararena eta erdararena

Goitik behera errefusatzen dut bi mundu ustezko horien existentzia. Mundu bat da, bakarra, hizkuntza birekin. Dena den, bi munduen existentzia onartuko bagenu (ez dut onartzen, ordea), esan beharko genuke erdal munduak ia ez duela euskal munduaren berri; aitzitik, euskaldunek erdaldunen berri daukatela etengabe eta ezinbestez.

Aurreneko errefusatze horretara bueltaturik, benetan galdetzen diot neure buruari: zer demontre da "euskararen mundua"? Zer esan nahi ote dute "euskararen mundua" aipatzen dutenean? Zer arraio esan nahi dute hainbat erdaldunek "euskararen mundutik gertu" sentitzen direla diotenean? Zertaz ari dira? Politikaz? Estetikaz? Gizarte-ekonomia klaseez ari dira?

5.- Euskaraz jakin gabe bizi eta lan egin daiteke euskal lurralde osoan

Erdaldunek aitortzen dute eroso bizi direla Zarautzen edo Ataunen. Eta denok ezagutzen dugu goi-mailako profesionalen bat euskaraz tutik jakin gabe ondo baino hobeto ateratzen duena bizimodua Euskal Herrian.

Ondorioa triste bezain benetakoa da: euskara ez da beharrezkoa Euskal Herrian. Gauza bera esan ahal dugu gaztelaniaz? Gaztelaniaz jakin gabe bizi eta lan egin al daiteke gurean? Ez dut uste. Galdetu, bestela, etorkinei.

6.- Euskal ereduetako ikasleei gutxiago eskatzen zaie ikastaroak gainditzeko

Euskal hezkuntzaren mundua ez dut hain ondo ezagutzen esan ahal izateko hori benetan gertatzen den edo ez; argi eta garbi entzun diot, ordea, euskal lerroko irakasle bati: "Eskuzabal jokatzen dugu ikasleen ortografia akatsekin. Nahikoa egiten dute gizajoek."






martinez

martinez 2010-05-05 07:49 #1

Eskerrik asko, besterik ez. Hurrengora arte.


Utzi iruzkina: