Erabilera arauak aldatzen ari dira

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2015-03-20 13:44

Originala jakin.eus-en.

Hizkuntza hiztunok egunero aldatu, sortu, katramilatu, traskildu, manipulatu, limurtu, zimurtu, eraldatu, murtxikatu, zukutu, marruskatu, estutu, zabaldu eta biziarazi egiten dugu. Hizkuntza metafora saldo bat baino ez da, mendetatik datozenak batzuk eta gaur egun sortutakoak beste batzuk. Hiztunok mendez mende erabili, modan jarri, deserabili, asmatu, batu eta artefakturik ederrena eta miresgarriena sortzen ari gara: hizkuntza. Lagun hizkuntzalari batek behin esan zidan moduan, hizkuntzalaritza zientzia puruz mozorrotu arren, soziala da edo ez da.

Hiztunon bultzada barik hizkuntza ez da ezer, hiztunon berritasunik gabe hizkuntza ez da aurrera joaten. Eta berritasunak sortzen dira noiznahi, nonahi. Hizkuntza, interakziorik gabe, berben segida fosildua baino ez da, hizkien batuketa ordenatu eta perfektua akaso, baina zentzurik gabekoa erabat.

Hiztunon eskuz datoz aldaketak hizkuntzetara, esan dudan legez. Eta horren erakusgarri Bat aldizkariaren 91. zenbakian Josu Ozaitak plazaratu duen artikulua. Ikuspuntu antropologiko batetik aztertu du hitanoaren erabilera Tolosaldeko gazteen artean. Eta ondorio esanguratsuak eta interesgarriak zirriborratu ditu.

Hitanoaren erabilera aldatzen ari da Tolosaldean gazteen artean. Hori ondorioztatu du Ozaitak. Izan ere, hitanoa gero eta gehiago erabiltzen da berdintasunezko arau baten modura. Hitanoa darabilten gazteek ez dituzte usadiozko arauak betetzen praktikan. Horren harira, noka desagertzen ari da eta hikatzaile berriek tokaz egiten dute parean dutena neska izan arren (neska-neska edo mutil-neska elkarrizketetan). Eztabaidatzekoa da, hala ere, horrek benetako parekidetasun eredua dakarren ala ez, baina horri ez diot oratu nahi oraingoan.

Beste berrikuntza bat egiten zait niri adierazgarriagoa. Tolosaldeko herri txikietan hitanoaren belaunez belauneko sozializazioak indarra izan du eta du. Herri handiagoetan, ostera, salbuespenak salbuespen, ez (Tolosa, Ibarra eta Villabona aipatzen ditu egileak). Baina herri horietako gazte batzuek hitanoa erabiltzeko urratsa egin dute, etxean jaso ez arren (eskolan irakasten den hitanoaz ere luze egiten dute berba gazteek ikerketan, baina horren inguruko argibideak nahi dituenak jo dezala artikulu originalera).

Berritasuna dakar horrek. Etxean ikasi ez, eskolan ia-ia ikasi ez, eta kalean eta arian-arian ikasi dute (gehienek gaitasun mugatua dutela aitortu arren). Hala ere, interesgarria da gazte horiek zergatik egin duten hitanoaren aldeko hautua. Irakur ditzagun horietako gazte baten berbak:

Ni oain dela gutxi hasi naizela hika hitz eitten, oain kontuatze naiz nik hika erabiltzen detela funtzio bat bilatzen diotelako, informaltasun toke hoi... ni ez naiz hasi hika hitz eitten galdu ingoalako. (Aitzol. 19 urte. Tolosa)

Informaltasun bila jo du gazte horrek hitanora (eta egileak iradokitzen du besteek ere arrazoi horregatik jo dutela). Bizkaiko zonalde batzuetan (Txorierrin, Bilbon edo Uribe Kostan bat baino gehiago ezagutzen dut nik), etxetik erdaldun izan diren batzuek euskalkia ikasi eta egunerokoan normal antzean erabiltzen dute, aldeak alde (nik dakidala inork ez du neurtu zenbat diren, zer esparrutan erabiltzen duten eta zergatik jo duten horretara).

Neurtu eta ikertu ez arren, nik uste dut gehienek Aitzol horrek (izena asmatua da) barruntatzen zuen informaltasun ukitu horren bila jo dutela euskalkira. Txisparen bila, gatz eta piperraren bila, indar konnotatiboaren bila, hurbiltasunaren bila. Hitanora edo euskalkira.

Baina, mesedez eta arren: itsutu barik. Euskalkiak (bizirik dagoen tokian, beti ere) bere espazioak ditu, estandarrak bereak dituen modu berean. Biak ditugu makulu, biak beharrezko, biak etorkizun. Euskara batu kaletarraren esperimentu erraldoian probetekin olgetan jardun behar dugu, elementuak nahastuz, berritasunak zabalduz, saiakerak eginez eta hanka sartuz. Orain eta gero.


Utzi iruzkina: