Ekina
Originala jakin.eus-en argitaratua.
Batzuek euskara (euskaldunok!) gaur egun arte historian iraun izana berba horrekin azaltzen dute. Ez dakit hala den, datuak falta zaizkit horretarako (baina litekeena da horrek ere zerikusia izatea). Baina argi daukat azken urteotako garapena, hein handi batean, berba horrekin definitu daitekeela.
Eta berba hori ekina da, behintzat Txorierri aldean duen esangurari lotzen bagatzaizkio. Ekina izateak hauxe esan gura du: tematia izatea, jarraitzea, ez etsitzea, behin eta berriz egin eta saiatzea. Baina, kontuz, adjektiboa da, pertsonak (eta animaliak) kalifikatzeko erabiltzen dena.
Manifestu itxurako testua irakurri zuen Lorea Agirrek azken Korrikaren amaieran. Euskahaldun lelopean, herri honen zoramen kolektiborik handienak, paregabeenak irribarrea marraztu du gure mapatxoan beste behin, kolorez bete ditu bazterrok. Poza eta harrotasuna jariatzen baitira furgonetaren ihes-hoditik eta korrikalarien poroetatik. Eta lekukoaren barruan XXI. mendean euskaltasuna bizitzeko manifestu irudimentsua. Eta manifestu horretako berba gakoetako bat ekin izan da (egia da aditz moduan erabili duela Lorea Agirrek).
Albistea izan da, halaber, Gaizka Garitano derioztar entrenatzailea. Almeriako prentsa aretoan izan zuen jarrera ausartak hautsak harrotu ditu han eta hemen. Ez da ohikoa euskaldun batek bere hizkuntza duintasunez defendatzea publiko aurrean, antza. Hala ere, askok sare sozialetan gogorarazi dugu Almeria ere bertan dagoela (#Almeriabertandago traolarekin, hain zuzen ere).
Nafarroa Beherean ere hango euskaldun kontzientziadunek erakutsi digute Almeria ere mugaren beste aldean badela. Hango euskara elkarteek elkarlanean eratu dituzte lehenbizikoz Ipar Euskal Herriko barnealdean egin diren TELP tailerrak. Geure burua ahalduntzeko momentuz asmatu ditugun modurik eraginkorrenak dira tailer horiek, nire iritziz.
Egunerokoan euskara gehiago erabili nahi dugunontzat dira aproposak Katalunia aldean sortutako TELP izeneko tailer horiek (Emunek gurera egokitu eta ematen ditu). Atelier horietan egunerokoan erosoago eta tenteago ibiltzeko trikimailuak eta baliabideak eskaintzen dira, hainbat egoeratan sufritzen dugun deserosotasuna murriztu, hizkuntza jokabide asertiboak zer diren eta nola egin ikasteaz bat. Euskaraz eroso noiznahi eta nonahi sentitzeko tresnak, alegia.
Aipatutako hiru adibide horietan (Korrika, Garitano eta Baxenabarreko euskaldunak) ekina da berba gakoa. Askoz erosoago litzateke erdaren autobietan arin batean ibiltzea. Baina bide artezak ez dira beti izaten egokienak, ezta?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: