Corpusaren estatusa

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2014-02-17 08:26

Soziolinguistikan historikoki bi plangintza mota bereiztu dira: corpus plangintza eta estatus plangintza. Blog honetan normalean saiatzen naiz bigarrenari kasu egiten eta ez lehenengoari. Baina gaurkoan salbuespen bat egingo dut.

 

Galizierazko “Quen fala a minha lingua?” liburua irakurri berri dut. Mundu mailako hizkuntza arazo batzuei egiten die kuku: okzitanierari (eta probentzalari), moldavierari (eta errumanierari), valentzierari (eta katalanari), flandrierari (eta holandesari), eta abar. Herri horietan guztietan arazoak daude berba egiten duten hizkuntza zein den ebazteko. Eta ez da kasualitatea liburua nondik eta Galiziatik etortzea.

 

Maila ezberdineko arazoak plazaratzen ditu liburuak. Baina guztietan arazo linguistikoak edo corpus mailakoak gailentzen dira. Idazkera ezberdina dute batzuek (adibidez, moldaviera eta errumaniera, edo serbiera eta kroaziera), “artifizialki” banatzen ari diren hizkerak (Eo aldeko galiziera adibidez), eta abar.

Eta horrek guztiak demaseko esfortzuak eskatzen dizkie egoera ez oso arrakastatsuan dauden hizkuntza komunitate horretako kideei. Zorionez, gurean horrelako liskarrik ez dago aspaldion. Txikikeriak diren ala ez eztabaidatu barik, estandarizazio prozesuak zentzua dauka etorkizunari begira. Hau da, hizkuntza hori gaitu eta jendartera zabaltzeko etorriko den horretan du zentzua. Osterantzean, alferrikako ahalegina da.

 

Batua sortzeko prozesuan egon ziren mota honetako tira-birak, han eta hemen. Gaindituta daudenak, zorionez. Gurean eztabaida luzeak ere baditugun arren, corpusa dela eta ez dela. Batua eta euskalkien artean, esaterako.

 

Euskalki eta batuaren arteko ikamikak badira, jakina. Baina, nire ustez, eztabaidak eztabaida eta haserreak haserre, beste leku batzuetan daudenekin alderatuta, gureak edozein hizkuntzatan dauden antzekoak dira. Zorionez.

 

Azken 50 urteetan hizkuntza komunitate honek egin duen bidea ez zen izango horren emankorra, batuaren inguruko adostasun zabala izango ez bagenu. Hori hala da, eta aitortu behar dugu. Eta, zentzu batean, ospatu behar dugu. Beste herrialde batzuetan dituzten askatu ezineko troinuak kontuan hartuta, batez ere.


Utzi iruzkina: