Bigarren mailarik gabe, lehenik ez. Eta orain?
Aurrekoan aipatu nuen Oihana Lujanbiok nire artikuluari emandako erantzuna. Ba, gaur hona ekarri dut artikulu osoa. On egin!!!
Oihana Lujanbio Begiristain (filologoa)
Nahi ez dugun egoera ororen aurrean bi jarrera hauek egon daitezke: zer egin dut gaizki? Ala, zergatik egin didate hau? Galderak egin ordez, jarrera hauek baieztapen baten bidez adierazi daitezke: Dena gaizki egiten dut. Ez dut gaitasunik. Ala dena beren errua da. Ezin dut deus egin.
Jarrera batera edo bestera bakarra hurbiltzea ez da komeni. Bistan da, egoera bakoitza alde batetik bestetik baino hurbilago egoten dela errealitatean.
Hizkuntza bat pertsonifikatuz, bi jarrera hauek har daitezke: Ez dut deusetarako balio. Ez naiz behar adina landua. Ala ezin naute inon erabili. Debekatua naiz.
Bistan da ere, hizkuntza bat ez dela pertsona eta ezin duela hori pentsatu. Eta ez duela bere kabuz deus eginen. Bistan da ez dudala deus asmatu hau esatean, aspaldi esana baita:
“Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik. Ona da, beraz, elkarrekin mintzatzeko eta elkarri gogoetak adierazteko delarik, mintzatzeko eta adierazteko balio duelako; horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik, eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Gehi dezagun e dela berez aizkora kamutsik, horrelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena dela soil-soilik, behiala Axularrek zioenez”
Hau dena, aurreko Xirikan (3. zbk, 2007ko maiatza, 5. orria) J. R. Rodriguezek esan zuenaren aurrean, sortu zaigun zalantza bat adierazten laguntzeko. Orokorrean esaten duenarekin ados. “Soziolinguistika berba potoloa” zer den modu argian azaltzea bera ez du lorpen eskasa. Soziolinguistikan, corpus edo estatus plangintzaren artean, lehentasuna zerk duen adieraztean, honakoa dio:
“Estatus plangintzak du lehentasuna (corpus plangintzaren gainean), erabateko lehentasuna izan ere. Azken finean, hizkuntzaren normalizaziorako alderdi linguistikoak bigarren mailakoak dira. Beharrezkoak, baina bigarren mailakoak. Eta gure herrian horietan tematzea, gaur egun, denbora galtze hutsa litzateke”.
Hein handi batean ados, estatusik gabeko hizkuntzak, jendartean gutxietsitako hizkuntzak, ez baitu luze iraungo. Bi paragrafo aurretik idatzitakoa kontuan hartuz sortzen zaigu zalantza:
“Corpus plangintzak hizkuntza biziberritzea du helburu. Hizkuntza kodetzea, modernizatzea, estandarizatzea. Hau da, hizkuntza egoera berrietan erabili ahal izateko moldatzea.
Estatus plangintzak, ordea, hizkuntza komunitatea biziberritzea du helburu, hizkuntza komunitate horren estatusa igotzea, hizkuntzarentzat erabilera esparru berriak irabaztea (edo daudenak bermatzea), alegia”
Zalantza, beharbada, bata bestearengandik erabat bereiztea zail egiten zaigulako sortzen zaigu. Agian, iragana orainarekin lotzen dugulako. Alegia, gaur egun hizkuntza estandarizatua dugu, egokitua, modernizatua, edozein eremutan erabili ahal izateko prest. Bai, lehen bezala, lagun eta familia giroan, baita, lehen ez bezala, edozein lanetan, politika, arteetan, komunikabideetan … erabiltzeko ere prest. Estatusa igotzea ahalbidetuko duten eremu horietan erabiltzeko prest, hain zuzen.
Horregatik, pentsatzen dugu J.R. Rodriguezek orainetik abiatuta egin duela soziolinguistikaren irakurketa hau. Orain-orainetik, Euskara Batua 1968an sortu baitzen. Lerro zume hauek, beraz, iragana oroitzeko besterik ez. Eta askotan entzuten dugun esaldia hankaz goiti jartzeko: estatusik gabe ez omen dago corpusik. Eta corpusik gabe izan daiteke estatusik? Corpus egoki(tu)rik gabe izan dezake hizkuntzak estatusik?
Eta dena ez dugula gaizki egin adierazteko. Bistan da. Bistan den bezala filologoa naizela.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: