Bi hizkuntzekin hazi

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2014-06-16 08:02

Soziolinguistika domestikoaren bidean, bi hizkuntzekin haziko diren ume eta haien gurasoentzako aholku batzuk, hartutako prezioan.

 

Bikoteak erabaki behar du lehen umea jaio aurretik txikiaren garapen linguistikoa nolakoa izango den. Noiz, non, nork, norekin zer hizkuntza erabiliko den. Erabaki hori hartzeko, oso baliotsua izan ohi da egoera berdinean dauden familiekin batu eta eurek ondo edo txarto egindakoetatik ikasi. Era berean, hartutako erabakia aitite eta amamari ere jakinarazi behar zaie. Nahiz eta eurak ados egon ez, erabakia gurasoena dela argi eduki.

 

Bi hizkuntzekin haziko den umeak guraso aktibo eta kontzienteak behar ditu. Gurasoak berbalapikoak izan behar dira, batez ere umeak bi urte egin arte. Umeei entzun behar zaie, galdetu eta zuzendu, baina beti zeharka.

 

Guraso horiek ere zaindu behar dute euren hizkuntza gaitasuna: irratia entzun, telebista ikusi, euskaraz berba egiten duen jendearekin batu (berbalaguna oso interesgarria da), hiztegia aberasteko bide ona da hitz gurutzatuak egitea (Luma aldizkari zoragarria dugu euskaraz), … Ariketa ona da umeei ozen irakurtzea. Zuk ikasten duzu eta haiek ere asko ikasiko dute, hiztegia aberasteko ezinbesteko laguntza baita.

 

Era berean, jarraipena egin behar zaio umearen garapenari. Ideia ona izan daiteke umearen gaitasunaren egunerokoa eramatea. Etorkizunean dibertsio iturri aparta izan daiteke. Eta bidean sor daitezkeen balizko arazoak ebazteko balio dezake.

Guraso bihurtu gara, eta orain zer?

Bi hizkuntzekin hazteko bi metodo nagusi daude: “pertsona bat, hizkuntza bat” eta “leku bat, hizkuntza bat”. Lehen metodoa erraza da: gurasoetako bakoitzak hizkuntza batean egingo dio berba umeari egoera guztietan. Metodo honekin, hala ere, kontuz: gurasoetako batek umearekin egoteko denbora gutxi badu, errefortzuak sartu beharko dira, batez ere guraso hori euskaraz ari bada umearekin. Bigarren metodoaren arabera, ordea, etxean euskara egingo da. Kasu honetan beharrezkoa da komunitatearen laguntza bilatzea.

 

Metodoak metodo, umearen garapen linguistikoan parte hartzen duten elementuak aintzat hartu: umezaina badago zer hizkuntza erabiltzen du umearekin?, aitite eta amamek?, eskolan? Dena aztertu eta behar diren errefortzuak jarri edo asmatu.

 

Umeen sozializaziorako ere etxetik kanpo egiten denak garrantzia du. Guraso aktibo bezala, euskarazko jolas taldeetan hartu dezakegu parte (edo sortu dezakegu bat). Etxetik kanpoko eta etxeko kontsumoak ere garrantzia dauka eta hartu behar da kontuan.

 

Aurrekoa kontuan hartuz, gurasoentzako aholku batzuk:

 

- Koherentea izan: zure seme-alabekin hizkuntza aldatzen baduzu, beti sistema bera erabili, beti koherentziaz erabili.

 

- Hizkuntza erabiltzen duten beste seme-alaba eta helduak ezagutzen saiatu.

 

- Saiatu ahalik eta material gehien lortzen: liburuak, lan-fitxak, bideoak, ordenagailuko jolasak, …

 

- Inmersio txikiak egin: adibidez udan, edo asteburu batzuetan. Arnasguneak eskaini.

 

#KulturaZientifikoaren 2. Jaialdia, Zientzia.net-en


Utzi iruzkina: