Barreiatzen 6: Marije Manterola
Gaurkoan barreiatzen egitasmoan gonbidatua Marije Manterola dugu, Emuneko teknikaria. On egin deizuela!
Compostelako Donejakue: Katedralaren Ate Santua, erromesen atea.
Argazkilaria: Dores Alegre
Nola zabaldu soziolinguistikaren ikasgaiak
Euskararen biziberritzea ofizio eta afizio dugunok, euskararen erabilera(eza)ren inguruko proposamen anitz izaten ditugu eskuartean -ikerketa, ondorio, interbentzio, ebidentzia eta abar-. Soziolinguistika Klusterrak modan jarri duen hitz berriren bat, Udaltop-ek mahaigaineratu duen egitasmo interesgarriren bat edota erabilera neurtuko duen aplikazioa, adierazle berriz hornitua.
Asko dakigu eta dihardugu baina ez dugu asmatzen ezagutza hori hartzaile talde arruntarengan guk nahi adinako eraginkortasunarekin helarazten.
Errealitate hau ez da gaurkoa. Orain 20 urte euskara elkarteak sortu genituenean gure kezka nagusia horixe zen: herritarrei ezagutarazi nahi genien euskararen biziraupenean beraien egitekoa ezinbestekoa zela; kontzientzia piztuarazi behar genuen erabilera areagotu nahi bagenuen.
Gogoan dut Siadecoko Iñaki Larrañagak nola azaltzen zigun, garbi, hartzaile taldeak berezitu eta berariazko mezuak eskaini behar zitzaizkion bakoitzari. Susmoa dut, zoritxarrez, gutxi aurreratu dugula bereizketa honetan.
Egia da egon badaudela esperientzia oso interesgarriak: Ebete, Auzoko, Telp, Badu,bada erakusketarako sortutako estreslinguistikoa eta beste hainbat; ziur zuk ere ezagutzen duzula besteren bat. Baina egia da, aldi berean, ez dugula asmatu soziolinguistikan dugun ezagutza mardulari guk nahi adina etekin ateratzen. Ez garela herritarrengana nahikoa iritsi, ez dugula euskaltzaletasuna nahikoa barreiatu; azken finean, gutxi eragin dugu hizkuntzaren biziberritzean, erabileran.
Eta nola egin euskararen berrindartzeari buruz dakigun hori guztia zabaltzeko, egoki zabaltzeko? Euskaraz aritzeko manualak/gidaliburuak/eskuliburuak (digitalak, paperezkoak, ikusentzunezkoak, noranahikoak) sortu, egokitu, birrantolatu
izan daiteke aukera bat, xumea izanik ere. Zertaz ari naiz? Gidari onaren manuala dagoen bezala (egon badago, ez?) sortu ditzagun manual berezituak bi norabideetan: ezagutzari lotuak -euskaldun, hartzaile, erdaldun aldeko eta abarrentzat berezituak- eta erabilera sustatzeko sortuak.
Garrantzitsuena: ez daitezela banaka pentsatu eta egin, ez daitezela noizbehinkakoak izan; epe luzeko plangintza baten barruan kokatu daitezela eta, batez ere, lankidetzan pentsatu, sortu, zabaldu eta erabiliak izan daitezela. Erakunde ezberdinen artean, norberak berera ekarrita baina sinergiak probestuta. Horrela, eragin biderkatzailea izango lukete. Hango eta hemengoek erabiliko lukete, han eta hemen eragingo genuke.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: