Barreiatzen 5: Iñaki Eizmendi

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2013-02-21 08:08

Barreiatzen proiektu honen bosgarrena Iñaki Eizmendi da. Iñaki ebeteko arduraduna da, eta esperientzia luzea du euskalgintzan.


Soziolinguistika: gustura aritu gaitezen euskararen erabilera sustatzerakoan

Interes handiz jasotzen ditut ikerketen emaitzak eta datuen irakurketak. Aurreko asteetan argitaratutako Arrue ikerketaren emaitzak eta orain dela hiru urteko erabileran eragiten duten faktoreei buruzko emaitzak benetan erabilgarriak direla uste dut. Bi kasu horietan haurren eta gazteen euskararen erabilera ikertu da.

Hori bai, arlo horretan ari diren eragileei ez die lanerako tresna praktikorik eskaintzen: ez dizkie eskura jartzen erabileran eragiteko baliabideak edo tresnak. Soziolinguisitikak, nire ikuspegitik behintzat, ez ditu tresna horiek eskaintzen baina bai eragileentzako benetan garrantzitsua den beste kontu bat:

  • Haurren eta gazteen euskararen erabileran eragiterakoan noraeza eta ezintasuna askotan ikusten dira: irakasleen artean, gurasoen artean…

  • Soziolinguistikaren bidetik gaia ondo kokatu daiteke: gaztelaniarako joera dagoenean horren atzean zer dagoen ulertzea, eragileen mugak zein diren ikustea…

  • Erabilera sustatzerakoan gustura aritu gaitezke: askoz errazagoa da eragiteko tresnak aurkitzea edota aukeratzea eta lan horretan gustura aritzea gertatzen dena ulertzen badugu, gure mugak ezagutzen baditugu eta gure helburuak ondo zehazten baditugu.



Nire ustez ezinbestekoa da eragileak gustura aritzea, lan eraginkorra egiten ari diren seinaleetako bat izango baita. Eta soziolinguistikak, horretan bai, asko laguntzen du.

Agian, noizbait, erabileran eragiteko erabiltzen diren estrategien eta tresnen inguruko ikerketak ere egingo dira: Zein dira eraginkorrak? Zein garatu daitezke gehiago?


Utzi iruzkina: