Barreiatzen 3: Allartean

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2013-02-14 08:16

Barreiatzen proiektuko hirugarren gonbidatua Allartean blogaria dugu. Soziolinguistikaz, antropologiaz, parte hartzeaz eta abarrez blog oso interesgarria egiten du.



Gauza sorgina da bertsolaritza. Zerbait esan beharra, gai baten inguruan, baina hainbat mugaren barruan: metrika, doinua, errima. Amets Arzallusek zioen pertsona “normalentzat” traba era eragozpena diren horiek guztiak bertsolariarentzat abantailak direla, are gehiago, bertsolari bati egin ahal zaion minik handiena dela errimatu eta neurtu gabeko bertso bat eskatzea.

Txerrak gaia besterik ez dit eman (dibulgazio soziolinguistikoaren erronkak azaltzea), eta hori ere zabalegia egiten zait.

Nondik hasi? Zaila da. Hiru abiapuntu hartu ditut.

(1) Dibulgazioa eta formazioa

Ezberdinak dira, bai. Baina non dago muga? Profesionalentzako ikastaro espezifiko bat jarduera formatiboa da bete-betean, dibulgatiboa da @berria egunkariak soziolinguistika jardunaldiei buruz argitaratu duen kronika... Baina bien artean ehunka adibide dago, batetik zein bestetik begiratu daitezkeenak. Dibulgazioa eta formazioa continuum gisa ikusten  ditut... eta baliteke esperientziarik interesgarrienak bien arteko muga lauso horretan egotea.

(2) Dibulgazioa zertarako?

Dibulgazioa ezin da mugatu euskarari eta euskararen egoerari buruzko datu jakingarriak ematera, ezta jakintza orokorra areagotzera ere.

Soziolinguistika hitz polotoegia iruditzen zait batzuetan. Soziolinguistika esan, eta zer datorkizue burura? Niri, kontzeptu zaparrada: erabilera, motibazioa, ezagutza, familia bidezko transmisioa, Txepetx, euskara planak, Fishman, BAT aldizkaria, antropologia linguistikoa, psikolinguistika,
psikosoziolinguistika, inkesta soziolinguistikoa, Txillardegi, mapa soziolinguistikoa... Gehiegitxo.

Azken aldi honetan kontzeptu are potoloagoa entzuten hasi da sarriago: pentsamendu soziolinguistikoa. Potologoa, baina erakargarria. Pentsamendu soziolinguistikoa, nire ikuspegitik, zerbait operatiboa da, eta oso-oso kontestualizatua: hemen eta orain dauden arazoak identifikatzea da, interpretatzea, erlazionatzea, loturak egitea, arrazoitzea, argudiatzea, erabakitzea... Pentsamendu kritikoarekin zerikusia du, baita ikuspegi sozio-kontruktibistarekin ere.  Holistikoa da, ekintzara bideratua, eraldaketa du helburu... Horretaz pentsatu behar dela uste dut.


(3) Erresonantzia-kutxak

Euskal Herrian ideia eta esperientzia interesgarriak daude. Kontua da oihartzuna ematea: erresonantzia-kutxak izatea. Gehiago egin daiteke, baina ez zait iruditzen sobera gaizki moldatzen garenik. Oso gauza zientifikoak alde batera utzita ere, pentsamendu soziolinguistikoak bere bidetxoa egin du prentsan, komunikabideetan, literaturan, sare sozialetan... Euskarazko komunikabideetan, esate batera, esanguratsua da bi medio (niri ustez) garrantzitsuenek euskarari buruzko kanal espezifiko bana izatea: Ereiaroa eta www.argia.com/euskara. Blog eta sare sozialetan ere, gauza interesgarriak daude han-hemenka: blog honetan bertan hainbat esteka eman izan da. Ez zaigu komeni buztan luzea eta mikroaudientziak gutxiestea.


Utzi iruzkina: