Aukera berdinak

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2014-04-14 09:29

Aurrekoan Uxue Alberdi etorri zen gurera eta bertsolaritza antioju feministekin begiratzeko gonbitea egin zigun. Berbaldi oso interesgarria (eta ziztatzailea) izan zen. Baina etor nadin neurera, txiri-txiri.

Aukera-berdintasuna eta posizio-berdintasuna bereiztu zituen berak. Printzipioz, neskek zein mutilek aukera berdinak dituzte bertsolaritzan. Baina emaitzetan ez da inolaz ere islatzen hori eta bideo hau da horren erakusle:

Izan ere, aukera berdinak izan arren, posizioak ez dira berdinak. Abiatzen den posizioa ez da inola ere antzekoa. Eta, beraz, gauzak beti berdin eginez gero, emaitza beti berdina izango da. Hau da, berdintasun eza betikotuko da.

 

Eta orain gatozen soziolinguistikara. Euskarari aukera-berdintasuna eskainiz (eskaintzen zaion leku eta esparruetan) ez al gara ari diskriminazioa betikotzen, berdintasun eza betikotzen? Posizio-berdintasunera jo beharko al genuke? Eta hori zelan egiten da?

Amaitu aurretik, feminismotik aspaldi neureganatu dudan esaldia bota zuen Uxuek Derion: pertsonala politikoa da (eta nik gehituko nuke: hizkuntzaren erabilera ere politikoa da!).


Utzi iruzkina: