12 berri on euskaldunontzat
Twitter bidez eskatu nuen euskararen 12 berri onak egiteko aholkuak eta handik batzuk etorri zaizkit. Beste batzuk, ordea, nire uztakoak dira. Goazen euskararen 12 berri on ikustera, Euskal Herrian, 2014ko urrian:

Android euskaraz: telefonoen sistema eragile nagusia euskaratu da. Beste behin boluntarioek egindako lanari esker. Beraz, ez da aitzakiarik telefonoak euskaraz berba ez egiteko, ezta? @urtzai bidez

Gamerauntsia: bideojokoen komunitate euskalduna sortzen ari dira hauek. Oso ekimen interesgarria bezain garrantzitsua (xumea izan arren) @urtzai bidez

Xabiroi aldizkaria: komikigintzako zutabe nagusia da Xabiroi. Eduki interesgarriak, egile garrantzitsuak, idazleekin harremanak eta urtero album bat. Eta, orain, gainera harpidetza egiteko aukerarekin @AdurLarrea bidez.

Errigora kanpaina: aste honetan hasi da berriro ere Errigorako gabonetako kanpaina. Nafar hegoaldeko laborariek ekoitzitakoa otzaratan sartu eta Euskal Herri osora banatuko dira produktuak. Eta ateratzen den dirua Erribera aldeko euskalgintzarentzat. Militantzia atsegina beraz.

.eus domeinua: urte askotako lanak fruitua eman du. Uda partean lehen 92 aitzindariak ezagutu eta orain erreserbatzen ari dira domeinuak. Eta abenduaren 3tik aurrera, mundura zabalduko dira. Urte askotarako!

Wikipediak 200.000 artikulu: kantitateak ez dakar kalitaterik antza, baina kantitate barik ezinezkoa da kalitatea. Euskarazko wikipediako boluntarioak (beste behin!) lan mardula egiten ari dira eta 200.000 artikulutik gora daude euskaraz.

Azpitituluak.com: ez naiz bustiko, azpitituluak ala doblajea. Baina argi dago itzultzaile boluntarioak egiten ari diren lana filmak azpititulatzeko itzela dela. Zinemaren hainbat harribitxi euskaraz gozatu ahal izateko aukera dago eta ez da gutxi. Biba zuek!

Pop pilulak fanzinea. Eurek esaten dute euskalgintzatik kanpoko gaiak landu nahi dituztela, baina nik diot euskaraz egindakoa euskalgintza dela (gaztelaniaz egindakoa erdalgintza den hein berean) @jxamundarain bidez.

Euskarazko irakaskuntzak 100 urte: aurten bete ditu 100 urte euskarazko irakaskuntzak. 100 urte, gorabeheraz beteak. Egia da eskolaren bizkar ezin dela utzi hizkuntza baten normalizazioa. Baina, era berean, egia da eskola barik ezinezkoa dela biziberritzea.

Euskarara ekarriak: euskarazko itzulpengintza urrezko aroa ari da bizitzen antza. Azken urteotan, euskarara itzulitako literatura kalitatez zein kantitatez zein ospez gorantza ari da etengabe. Publiko gehiagorengana iristea baino ez zaio falta.

Hobelex: orain arte zuzentzaile ortografikoa genuen. Orain dela gutxi, zuzentzaile ortografiko eta lexikala dugu. Momentuz Microsoft-erako baino ez du balio, baina espero dezagun gutxi barru bestelako gauzetarako ere balio izatea.

Euskalgintza bera: euskararen aldeko mugimendua oso dinamikoa da, mila ekimentxo eta ekitaldi egiten ditu urte osoan zehar. Aurreko 11 albiste on horien oinarrian askotan euskalgintza dago, aldez edo moldez. Gure biziberritzearen zutarri nagusia da auto-antolatutako pertsonen komunitatea. Horiek barik, ez ginateke egongo gauden lekuan. Biba züek!
Iruzkinak
txerra 2014-10-30 09:59 #1

Ez don amairu! 12 barik, 13a. proposatu digute @gameerauntsia-ko kideek: @euskomanga. Animea eta manga euskaraz ikusteko webgunea: http://www.euskomanga.esy.es/news.php

Eskerrik asko!

Iñaki Lazkano 2014-11-02 17:05 #2

Eta Gasteizen, urriaren 16an, Oihaneder euskararen etxea inauguratu zela ez duzue jakin??

seguru aski gure arazo komunikatiboa izango da, baina bada, probintzia bat Araba izenekoa...hiriburu bat ere baduena, Gasteiz, eta azken 30 urteetan sekulako ahalegina egiten ari dena hiria euskaldunez josteko.

Segi bizkor!

Iñaki Lazkano

txerra 2014-11-03 08:48 #3

Oihaneder etxearena jakin banekien, jakina. Baina hamabi ziren eta galbahea pasatuta, kanpo uztea erabaki nuen. Zergatik? Haatik. Neure 12 berri onak ziren eta ez beste inorenak. Twitter bidez eskatu nuen laguntza, berri onak proposatzeko. Jarraitzaileen artean arabar eta gasteiztar mordotxoa izan arren, inork ez zuen aipatu. Baina segi bizkor, seguru blogean aipatutako asko baino garrantzitsuago bihurtu urte batzuen buruan.

Arantxa 2014-11-03 11:33 #4

Eskerrik asko! Euskararen inguruan albiste onak jaskotzea eskertzen da!

Utzi iruzkina: