Naiz Presidente "Naiz Presidente"
NAIZROXA FOR VICE-PRESIDENT
Urrian argitaratu zen aurtengo sorpresarik handienetakoa. Izan ere, zortzi urtez eszenatik aparte egon den Kanda (Neubat, Sorkun, Trumbo, Vicepresidentes, Tutan Come On) eta Iñaki Altolaguirrek “Matxet” (Jousilouli, Naizroxa, Anai Arrebak, Sega Sound Killers) Iban Goikoetxea bateria jolearekin batera hirukote zigortzailea sortu baitute. Aurreko taldeetan landu dituzten estiloak begien bistako oihartzuna lortu dute, batez ere proposamenaren gogortasunean, baina baita ahotsetan ere. Gauzak horrela, Naizroxa eta Vicepresidentes taldeen izenak dira proiektu berri honen abiapuntua. Presidente izan nahi dut, minutu bateko sarrera bortitza, asmo-deklarazio garbia da eta diskoan topatuko dugun indarkeriaren erakusle polita. Laster hasi gara Kandaren stonerraren eragina nabaritzen, hain zuzen ere bigarren kantua den Ni Naiz Moises temati eta gogorrean. Honela, Matxet-en hard-corea Vicepresidentesen muturreko metalari gehitzen zaio burrunba zitalean. Anestesia taldearen eragina nabari dugu Emaidazu orfidal kantuan, batez ere bere isuri astunean.
Eta erritmo astunez ari garenez, hurrengoan Neubat taldearen Stoner potoloa antzeman dezakegu Ke bonba bat kantuan (baita Kandaren ahotsean ere, garbi dago), geroago datozen Zenbakiak baino ez eta Ez gaituzte maite kantuetan ere sentitzen dena. Horretaz gain, Matxeten errukirik gabeko ahotsak efektu biderkatzaileak dauzka hainbat piezetan. Extremeños terror estimulatzailea da oso: bizia, zigortzailea, brutala... Matxeten ahotsa izugarria da hemen ere. Filmetako edo telebistan agertutako sanplerrak ere erabiltzen dituzte disko osoan zehar. Gainera, Ez gaituzte maite abestian muturreko metalera jotzen dute, Thrashetik haratago alegia. Taldearen eragin eta esperientzia guztien bilduma dirudi bai kantu honek baita beste zenbaitek ere. Abesti mota hauetan, Matxeten ahots guturalek kontrolik gabeko metxa lehergarria iradokitzen dute. Benetan brutala eta adiktiboa.
Azken kantuan ere (Lapurrak!) gutural zenbait sartzen ditu Matxetek, abiadura hiltzailea dakarren arrapalada geldiezinak bultzatuta. Geldialdiak edo arnas guneak ere badauzka diskoak, sarritan lehen aipatu ditugun sanpler eta speech-ei esker. Motza egin zaigu diskoa, eta hori seinale ona da beti. Indarra eta teknika uztartu dituzte, nahiz eta hemen garrantzitsuena transmititzen duten freskotasuna eta lehergarritasuna diren. Gure oholtza eta bazterrak astintzera datoz: ez dute gatiburik nahi. Egurra eta izaera autentikoa dira ezaugarri nagusienak. Hemen ez dago ez tranparik ezta autotunerik ere. Bi talentu hauen elkartzea sorpresa handia izan da, eta zuzenekoetan emango dutena benetan ikusgarria izango delakoan gaude.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: