VICEPRESIDENTES + BRONZE + SHARON STONER KABAUA (LEKEITIO) 2009-10-24
Azkenik iritsi zaigu Lehendakariordeak ikusteko ordua: denbora bat bageneraman honen zain, eta aukera eduki genuen lehenengoan, bi aldiz pentsatu gabe joan ginen Kabauara. Areto txiki bezain intimoa, kasik lagun artean emandako showa.
Hasiera batean, Vicepresidentes taldeari buruz, erokeria bat besterik ez zela pentsatu nuen. Momentuko gauza, ihesbide puntual bat. KDa erostean sentsazio berbera izan nuen, baina atentzio gehiago jarriaz, azkenik taldearen jarraitzaile bihurtu naiz, eta beraien bortizkeria eta kalitate harrigarrian murgildu. Azken finean Kandazaleak gara, eta egiten duen guztia urre bihurtzen duela uste dugu: Bai Neubat ahaztezinekin (itzuleraren esperantza ez dugu galtzen!), bai Sorkunekin ere. Diskoa gustatu bazitzaigun, zuzenekoak guztiz irauli du guztia: Taldearen fanatikoak gara, flipatuta gaude eta berriz ere ikusteko irrikatzen. Edozein talde handik behar duen azken proba gainditu dute: zuzenekoa!
Baina goazen hasierara: Tabernan sartu ginenean Sharon Stoner oñatiarrak ari ziren desertuko rock sakon psikodelikoarekin. Zoritxarrez azken txanpa bakarrik harrapatu bagenuen ere, onartzen dut azken aldiz ikusi nituenetik (2004) dezente hobetu dutela eta aurrerantzean gehiago jarraituko ditugu, ikusi ahal izan genuena oso ona izan baitzen. Gogorra, sakona eta estilo handikoa. Josh Homme harro egongo litzake.
Instrumentuak aldatu, bateria eta ampliak bere lekuan jarri, eta denbora gutxian Bronze gasteiztarren ordua iritsi zen. Hauek ere Stonerra lantzen dute eta ez dituzte bere influentziak ezkutatzen. Emanaldian zehar hainbat trebetasun azaldu zizkiguten, eta hobetzeko gauzak izan arren, nondik heldu badutela argi geratu zen. Hadi, beraz.
Baina Vicepresidentes zalapartatsuek oholtza zapaldu zuten momentu berberetik, gauak beste kolore bat izan zuen: muturreraino eramandako gogorkeria eta kalitatea uztartu daitekeela frogatu zuten. Diskoan onak badira, zuzenean askoz hobeak dira, eta zalantzarik gabe, karisma izugarria daukate. Eta denetik onena da, hiru tipo bakarrik direla: gitarra, baxua eta atabalak. Sinestezina. Hainbat momentutan, baterijoleari ahozabalik begira gelditu ginen. Nola jo dezake abiada horretan? Nola mantendu dezake erritmo hori, eta hain kolpe gogorrak eman, 51 minututan zehar? Pedal bikoitza maisuki nola erabili behar den erakutsi zigun. Itzela. Kandari buruz, zer esan? Euskal rockean musikari oso berezia bihurtzen ari da, are gehiago: ez dago bere belaunaldian haren parekorik bai karisma, irudimena eta estilo ezberdinak jorratzeko grina kontuan hartu ezkero. Apustu egiten dut bere emanaldiak ikusi eta gero, Grindcore zaleak dezente ugarituko direla gurean. Ez legoke gaizki.
Sorkunekin grabatu zuten “Eskutxoak” eta txalo zartada gehien jaso zuen “Lekitxotik” (etxekoen zorionerako), beti ere euren estilo brutalera egokituta, sinpleki esanda gogoangarriak izan ziren. Irteeran, nola ez, haien Extended Play berria erostea beharrezkoa zen (bai! Oraindik E.P.ak existitzen dira, mutilak!). Gutxitan izan daiteke zalantza txikiagorik: erosi behar duzu eta punto. Eta ez gaitu dezepzionatu, inola ere. Astakeria xarmant eta bikaina da “Bloodola” (2009). Gure tokadiskoa erreko dugu behin eta berriz entzunaz. Laster itzuli zaitezte Lekittora!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: