Judas Priest "Invincible shield" (Columbia-Epic)
ALTZAIRUZKO EZKUTUA
Britainiarrek pasa den urrian “Panick attack” izeneko lehen singlea sarean argitaratu zutenean, Heavy Metal eszena egurtuko zutela aurreikus zitekeen. Hala bada, diskoko lehen hiru kantuetan gitarra solo irudimentsuen erakustaldiak, erritmo sekzio konpaktuak eta ahotsaren kuraia bereziak “Painkiller” diskoko garai mitikoak gogorarazten dizkigute. Bata, aipatu “Panick attack” lehen singlea; bigarrena, “The serpent and the King” bizkor eta ausarta (akaso apur bat ezberdina, konplexua eta sasi-progresiboa) eta hirugarrena “Invincible shield” mastodonte garaiezina: soinu ahalguztiduna, gitarra bikiak, ahots bikoiztua... sei minututik gorako gozamen geldiezina. Priest-ek aurtengo diskorik onenetakoa argitaratu berri du, eta freskotasuna eta giharra erakutsi ditu (gutxienez) azken hogei urteotan atera duen lanik onenarekin. Honela, Iron Maiden eta zer esanik ez Metallica gainditu dituzte eta metalaren tronua erreklamatzera datoz. Norberak egin beza bere hautua, baina ez didazue azken hamarkadetan atera duten onenetakoa denik ukatuko, bederen.
Lan honek hainbat sorpresa dakartza, gainera. 70etan egiten zuten metal konplexura itzulera dela ere esan liteke, nahiz eta garai hartako gogortasunera iristen ez diren. 80.hamarkadako Judas guztiahaldunak maite dituztenentzako ere errepika kutsakorrak ez dira falta: “Devil in disguise” dugu horren adibiderik garbiena. Baina “Crown of horns”-etik aurrera datorrenak melodien tratamendu oso berezia dakar, Birmingham-ekoen historian berritasun harrigarria dakarten hainbat pieza direla eta. Horren aurretik, “Gates of hell” ere hedakorra da, baina gehiago du 70 edo 80etako Hard Rock taldeen errepiketatik Judas-en berezko iturritik baino. Hein batean, disko osoan entzun ditzakegun gitarra solo koloretsuek ematen diote osotasuna. Richie Faulknerrek gitarra joleak 2011n taldean sartu zenetik inoiz egin duen lanik osatuena dugu hau, bide batez.
“Ass god is my witness”, bere soinu gaurkotuarekin ere, funtsean metaleroa da. Andy Sneap-en ekoizpena borobila da inondik ere; modernoa eta era berean klasikoa, baina freskura gozagarria daukana. “Trial by fire”-k ere garbitasun berri bat dakar diskora. “Escape from reality” guztiz barrokoa da: errepika retro-futurista eta giro epikoa direla eta, 1982ko “Heavy Metal” filmeko soinu bandan ere egon zitekeen. “Sons of thunder” motza baina oso zuzena da, erregai asko daukan bolido boteretsua.
Klasiko kutsua dauka azken kantuak ere: “Giants in the sky”, nahiz eta hirugarren minutuko geldialdiak berezi egiten duen. Ondorengo garapen instrumetalak amaiera ezinhobea ematen dio lan harrigarri honi. “Rocka rolla” argitaratu zutenetik 50 urte pasatu diren honetan, maila honetako lana grabatzeak badu mere meritua. Soinuaren kalitateak, haren modernotasunak eta garbitasun berri honek bat baino gehiago harrituko du. Baliteke melodien erabilera berri hau Ghost taldearen eragina izatea ere... betiere berezkoa duten nortasuna alde batera utzi gabe, noski. Ekainean Iruñean disko honetako kanta asko jo ditzaten nahiko genuke, nahiz eta agian bizpahirurekin konformatu beharko dugun.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: