Izaro "Gabonetan Kursaaletik zuzenean"

Izaro "Gabonetan Kursaaletik zuzenean" Fucktotum | 2026-07-08 20:26

Izaro "Gabonetan Kursaaletik zuzenean"

                                                         EGUBERRI GAUAK

Donostiako Kursaal aretoan 2024ko abenduaren 22 eta 23an “Gabonetan” diskoa oso osorik jo zuen Mallabiarrak. Han bizitako gabon-giroko izpiritu barnerakoi eta hunkigarria modu benetan atseginean biltzen du grabazio honek. Gabonetako disko hartako zortzi kantuez gain, bere ibilbideko beste hamaika ere jo zituen bi gauetan. Kantu horiek disko guztietako piezak jasotzen badituzte ere, lau alerekin “Limones en invierno” da pieza gehien dituen bigarren diskoa. Harritzekoa da nola Izarok genero ezberdinak lantzeko gaitasuna nola erakutsi duen, baita maila altuko konposizioak sortzeko abilezia ere. Atzera pausurik ez daukan ibilbidea da, momentuz, Izarok azken hamar urteetan egin duena. Gainera, euskarari gero eta leku gehiago egiten ari da, eta disko honetantxe hemeretzitik hamazazpi bere ama hizkuntzan eginak dira.

Ihintza barnerakoiarekin era oso xaloan eta berezian hasten da diskoa. Izaroren kantu borobil horietakoa dugu hauxe, baina kategoria horretan askok daukate bere lekua, gabonetako diskotik bertatik hasita. Honela, Gure gabon gaua itzela da: era leunean hasten den arren, ahots-jolas bikainak eta erdialdetik aurrera azelerazio ikusgarria dakartza, baita batez ere hurrengoak ere: Hartu lerak maldanbehera oraindik biziagoa da, benetan harrigarria eta hedatzailea izateaz gain. Gabon giroan guztiz sartuta, bere debut diskoko Koilarak gospel estilora ekarri du. Paris eta Hainbeste ederrak dira, mezu positiboa daukate, eta gabonetako diskora itzuliaz, Elurra eta Falta zarenetik malenkoliatsuak dira. Lehenegoak giro flotatzailea dauka, baina azken zatian goia jotzen du, bai intentsitatea zein tonuan ere. Bigarrena ere goxoa da, baina nostalgia punttu oso markatua dauka. Ederra benetan.

Limoiondo hunkigarria da beti, baita formatu honetan ere. Bere ibilbideko politenetakoa, ikuslegoak gogoz kantatu zuen Kursaalean. Cerodenero diskotik hau eta beste bat bakarrik sartu zituen errepertorioan, ordea. Bigarrena Iparraldera lehergarria da, hesirik gabeko ahots erakustaldia dakarrena eta diskoa gailurrera daramana. Dir-dir kantuak Garazi Esnaolaren pianoak goratzen du, baita pop-rock erritmo biziak eta koru ederrek ere. Erritmoa aipatu dugunez, bere diskografiako martxosoena etorri zen gero: lehen diskoko Zingirak adiktiboa eta azkarra. Publikoak gogoz kantatutako horietako bat da, eta exekuzioa eta giroa aipatu behar baditugu, apoteosikoa.

Delirios hunkigarria da benetan, poliki hasten den arren erdialdean sekulako olatuan igotzen baita. Egurra eta abiadura hartzen ditu, beti ere koru zoragarriekin. Amaiera oso berezia eta zirraragarria da, jatorrizkoaren bariazio orgasmiko bat, gospel koruekin eta abiada biziarekin harritzen gaituena. Koruen garrantzia Ura eskutik eskura eta Invierno a la vista-n ere begien bistakoa da. Errefuxiatarena era barnerakoian hasten da, baina gero lehertzen da, eta Ordu bik eta laurden goxoa eta geldoa den arren, ondorengo Olentzerok, Pirritx eta Porrotxen laguntzaz, sabaia jotzen du eta grand finalle-a Urte berri on intimoak, pianoa eta publikoaren ahotsak lagunduta, egiten du.


Utzi iruzkina: