IZARO "LIMONES EN INVIERNO" DISKOAREN AURKEZPENA

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2020-02-04 18:54
1

fucktotum 1580849444260

Ostiralean, urtarrilak 31, Izarok bere azken diskoa aurkeztu zuen Bilboko FNACen. Aurkezpen mota hauetan batzuetan diskoa erostea derrigorrezkoa izaten da kontzertu edo aurkezpenen lekura sartzeko. Haietako batzuetan, gainera, FNACen bertan erostera behartzen zaituzte: CDa erosi, ilaran itxaron eta gero tiketa erakutsi behar izaten da. Bestetan, CDa ekarri behar da non lortu dugun kontuan hartu gabe. Oraingoan, ordea, ez ziguten ezer eskatu badaezpada diskoa eraman nuen arren.

Aurkezpen motz horietako bat izan zen, baina hainbat gauza interesgarri ikusi/entzun ahal izan genituen. Lehenik eta behin, Izarok eskerrak eman eta "bi pertsona bakarrik azalduko zirela" uste zuela esan zigun. Aretoa betea zegoen, ordea. Bi bideoklip berriak proiektatu zituzten pantaila handian: "Invierno a la vista" (Xoel Lópezen kolaborazioarekin) eta "Paris". Xoel Lópezen parte hartzeari buruz, proposamena bidali ziotenean erantzunik jasotzeko esperantza gutxirekin egin omen zuten, baina hark erantzun bakarrik ez, baiezkoa eman eta elkarlanerako prest azaldu omen zen berehala.

Limoien kontzeptuari buruz, limoizko mundu bat sortu duela (edo horrelako zerbait) azaldu zigun, ametsen mundu bat. Umeen unibertsoaren antzekoa. Hain zuzen ere, hauei jaramon gehiago egin beharko geniekela eta gehiago amestu beharko genukeela adierazi zigun Izarok. CDaren karpeta ireki eta barruko liburuxkan dagoen maparen xehetasunak azaldu zizkigun. Bertan bost puntu nagusi zeuden: Etxea, pasioa, iraultza, oroitzapenak eta heriotza.

Onena, noski, gitarra hartu eta kantuan hasi zenean izan zen. "Limones en invierno" zoragarria eta "Hainbeste". Bigarren honi buruz, bere hastapenetan kantatzen zuela gogorarazi zigun, eta orduantxe "Hainbeste, hainbeste" izena zuela. Nonbait, lagunekin oporretan zegoela idatzi zuen kantua, eta orain disko berrirako berreskuratu du. Bi kantu horiek bakarrik jo zituen, eta segidan sinadura eta argazkien momentua irtisi zen. Haur asko zegoen publikoan, baita nerabe mordoa ere.

Aurkezpen osoa euskara hutsez egin zuen, horregatik mapa guzti hori erdarazkoa izatea, gutxien-gutxienez oso kuriosoa da. Diskoaren izena ere erdaraz dago, eta adibidez "Bienvenidos al universo limón, pasen sientan, pasen y quédense" bezalako esaldiak daude.

Kreditu guztiak, aldiz, ingelesez daude, eta euskaraz dagoen bakarra eskerrak ematen dituen zatia da. Izarok egin duen apustua erabatekoa da, ordagoa handira egin du eta momentu klabe batera iritsi da. Orain arte egin duen igoera progresiboa txiki utz dezakeena alegia. Espainiar eszenara salto egiteko kanpaina arriskatua den arren, eman ditzakeen fruituak aski erakargarriak dira. Zaleok artistak gure neurrira nahi izaten ditugu beti: estilo jakin batean eta pentsamolde edo gustu pertsonal batzuen barruan. Horregatik, gutako batzuk Izaro gero eta urrunago sentitzeko beldurrez gaude, eta aipatu hizkuntzen auziak ez du horretan asko laguntzen.

Dena den, Mallabiako kantariak ez du inor engainatzeko asmorik izan: hasieratik, Ella Fitzgeralden kantuak interpretatzen zituenetik, bai ingelesa eta baita gaztelera ere erabiltzen baitzituen, euskaraz gain. Abesti komertzialak ere bere lan guztietan egon dira: Paradise, La vi, Tu escala de grises, La felicidad (sorpresa polita)... e.a. Beraz, eta urrunegi joango zaigunaren beldur (irrazionala?) hor dagoen arren, ezin esan genezake bere ibilbidea, bere horretan, guztiz inkoherentea izan denik.

Azken urteetan plazaratu den artistarik interesgarrienetakoa dugu, talentu eta nortasun oso berezia daukana. Gainera, bere abestien egilea da, bai musika baita hitzena ere, eta kontzertuetan erakusten duen karisma ohiz kanpokoa da. Orain, limoiz bustitako negu honetan fruitu oparoenak eman ditzakeen euskal artista dela esango nuke, arrakasta komertzialari begiratzen badiogu. Zorte onena opa diogu egin duen apustu berri honekin.

Era berean, esperantza daukagu, euskaraz kantatzeari sekula utziko ez dionarena... Disko berriari buruz, agian goizegi da iritzi sakonegiak emateko, baina kalitatezko kanta mordoaren artean (Invierno a la vista, Paris, Ihintza...) pare bat soberan daudenaren sentsazio pertsonala daukat. Gustu kontua izango da agian, baina Izarok orain arte eman duen maila harrigarriaren aldean motz geratzen dira "Patinar sobre hielo" eta "Oso blanco", apur bat kursi eta insustantzialak behinik behin. Gauzak horrela, zuzenean ikusteko irrikatzen gaude, eta bide batez, "Hankapuntetan II" diskoa noiz aterako duen pentsatzen ere hasiak gara jada.

 

 


Utzi iruzkina: