Familia eta Euskara

euskarazoak 1456132591400 EUSKARAZOAK | 2007-03-09 12:05

Nire gurasoak eibartarrak dira, nahiz eta nire ama Bilbon jaio, baina 1937 urtean gerraren frontea Eibar aldean zegoen kokatuta eta amamak Bilborantz abiatu zen haurdun zegoenez. Eta horregatik exiliuan jaio zen nire ama 1937ko urteberri egunan. Nire aita  eibarren jaio zen pixka bat aurrerago, baina laister bere familia trabakuako baserri batera joan zen gerratik hies egiteko asmoz. Nire gurasoen aitak, aitxitxak, biak gerrara joan ziren Amuategi batalloian, errepublikaren aldeko bandoan. Zorte ona ez zuen eduki nire aitxitxa  Juliok, amaren aita, Santander aldean frankistek hil zuten eta. Aitxitxa Antonio berriz, harrapatu zuten eta urte luze batzuk pasatu behar zituen gartzelan.

Gerra ondorengo garaiak oso gogorrak izan ziren. Nire amama, alarguna, eta alaba txiki batekin. Errepublikaren garaian ezkondu zen zibilez, eta nire amari “Libertad” izena jarri zion Baina frankismoarekin ez zioten bere ezkontza onartzen, eta ez alabaren izena ere. Gainera nire amari, bataliatu barik zegoenez, derrigorrez bataliatu zioten eta izen berri bat jarri zioten “ Maria Pilar” hain zuzen.

Nire aitarena desberdina izan zen, baina gogorra ere, bost anai-arrebak baiziren. Aitxitxa Antonio aske laga zuten, eta nahiz eta nik aitxitxa ezagutu espetxetik zekarren gaixotasunak 60 hamarkadan eraman zuen.

Hemengoak eta euskaldunak izan arren urte gogor horien ondorioz nire familian euskararen erabilera galdu zen, edo baztertuta geratu zen nabarmen. Gero nire anai-arrebak eta laurok gazteleraz egin genituen ikasketak  beste modurik ez zegoelako, lehendabiziko ikastolak hasi berriak ziren eta. Eta horrela ia euskara barik hazi ginen helduak izan arte.

Gaur egun, ordea,  euskararen egoera kristoren hobeagoa da ni gaztea nintzela baino,  nahiz eta Kontselutik kejaka ibili. Eta bai, seguraski gauzak hobeago egin daitezke, baina nik uste bidea ona daramagula nire gazte garaiakin konparatuz behintzat


Utzi iruzkina: