EUSKARAZ OSTIA: Zergatik eta zertarako

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2011-11-03 00:44

Gure hizkuntza eta herriak jasaten duten hizkuntz eta nazio ordezkapenari aurre egiteko eta Euskal Herri libre eta euskalduna lortzeko, hamaika borroka-ildo garatu beharrean gara euskaldunok.

Blog honekin bi esparru oso zehatzetan eragin nahi dugu askapen eta euskalduntze borroka orokorra indartzeko:

1) Bere burua euskararen eta Euskal Herriaren aldekotzat duten eragileen jardueran (LOTSAGORRITU atalarekin)

2) Ekinbide pribatuko eragileen jardueran (ZUZENKI atalarekin)

Zergatik?

1.- Argi dago egiturazko zanpaketa eta frantseste/espainiartzea helburu duten hizkuntz politikak borrokatzea funtsezkoa dugula. Euskararen etsaiei hortzak erakustea. Ahalegin ezinbestekoa suposatzen duen lan-ildoa dugu. Aldiz, ustez euskararen aldeko diren eragileek gure hizkuntza zokoratu eta erdara bultzatzen dutenean, mugimendu euskaltzalean askotan beste aldera begiratzeko joera dago. Lanez lepo gabiltzala, ustez helburu bertsuak ditugunon arteko ika-mikak saiestea... aitzakiak ugari izan daitezke. Baina finean, jarrera defentsibo baten isla izateaz gain, berreuskalduntze bidean urrats kualitatibo bat emateko aukeraren ukoa suposatzen du horrek.

Izan ere, zoritxarrez ez dira gutxi beraien jardueran euskara baztertzen duten eragile horiek. Baina benetan euskararen aldekoak badira, jarrera horiek aldatzeko ez da euskararen etsaien kontra behar den adinako indarrik behar. Printzipioz "koherentzia" afera bat besterik ez denez, aldaketak askoz errezago lortzeko modukoak lirateke.

Eta ez dugu kontu makala hizkuntzarekiko koherentzia horrena. Joxe Manuel Odriozolak aipatu bezala, euskaltegiek abertzale erdaldunez beterik egon behar lukete... eta egun ez daude.

2.- Bestetik, administrazio publikoari hizkuntz eskubideak bermatzeko eskatzeko presioarekin batera, presio euskaltzalea eremu pribatura zabaltzea funtsezkoa dela uste dugu. Ekimen pribatuaren sasi-askatasunaren mito ideologikoa gaindituz, eragin sozial handia duten enpresa eta eragileen hizkuntz erabilera garrantzizko arloa da hizkuntz-gatazkan. Erdara darabilenak herri hau erdalduntzen du.

Batzuetan taktika arrazoiengatik erdaldunak "erakarri" nahian aritzea zentzuzkoa izan daiteke, baina dugun egoeran gauza asko indignanteak dira. Otzantasunik ez bada, horixe OSTIA hitzarekin garbiki adierazi nahi duguna.

 


Utzi iruzkina: