V.I.kale neurketa: OFENTSIBARA PASATZEKO PREMIA AGERIAN

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2012-07-08 12:02

Soziolinguistika Klusterrak berriki argitaratu ditu hizkuntzen kale erabileraren V.I. neurketako datuak eta emaitzek gordin-gordin agertu dute nabarmena zena,azken urteetan euskalduntze bidean aurrera egin ez eta gainera erdalduntzean sakontzeko arriskua dagoela.Azken hamabost urteotan ez da batere gehitu euskararen kale erabilera eta Euskal Herri osoko datuei dagokienez gure hizkuntzaren erabilera %13koa (!) da.

Klusterrak bi puntu azpimarratu ditu: euskararen erabileraren hedapena ezagutzaren hedapenari loturik dagoela eta estatistikoki euskaldunon hizkuntzarekiko atxikimendua altua dela.Azken honi dagokionez,euskararen minorizazioa euskaldunon axolagabekeriari leporatzeko inperialisten saioa agerian uzteko datua izan ohi da.Eta halaxe da hein handian.Baina hein batean soilik,hori ere azpimarragarria baita.Ez dago soziolinguista izan beharrik euskaldun askok,gehiegik edozein kasutan,elkarren artean ere erdaraz egiten dutela jakiteko.Alienazio lingistiko hori badago,larria da eta beraz euskaldunon atxikimendu mailan ere asko dago aurreratzeko.

Ezagutzaren garrantziaz gauzak garbi daude,argi esan behar da ere beraz zer egin behar den: EUSKALTEGIAK BETE!Eta argi esan horretarako zer behar den: BEHARRA SORTU!Argi izanik euskaltegiko bidean lehentasunez jarri beharrekoak ez direla funtzionarigai eta etorkin berriak bakarrik,euskaltegiak betetzeko masa nagusia bertokin eta bere burua abertzaletzat duten milaka erdaldunak direla.Argi izanik horretarako inkoherentzia-lingustikoarekiko tolerantziarekin bukatu behar dela.Argi izanik ez beharrezko presioa eta ez beharrezko baliabideak ez dituztela zuriketa-tresnek eskainiko.Edo herri-mugimendutik eragin eta egingo dela edo ez dela egingo.Horretarako militantzia oinarrizkoa dela eta subentzio-menpekotasuna hautsita euskalduntze auzolan erraldoi batean murgiltzeko indar,kemen eta irudimena izana dugula eta IZAN BEHAR DUGULA.Argi izanik era berean,horrek guztiak JARRERA ALDAKETA EZINBESTEKOA DUELA konplexuak, konformismoa, autokonplazentzia utzi eta ofentsibara pasatu behar dela.Euskalduntzea eta ordezkapenaren arteko talka gatazka bat dela,Euskal Herria eta azpiraturik gaituzten bi estatuen arteko gatazkaren muinean kokatzen dena hain zuzen eta prozesu gatazkatsu gisa borroka dinamikak (eta ez kontsetsukeria) direla aurrera egiteko indar bultzatzaile nagusia.

Bada ordua euskararen aldeko herri-mugimenduan mahaigainean kolpe bat emateko!Goxoki, emeki, eztiki, poliki-poliki, xuabe-xuabe ez goaz inora (asimilaziora ez bada).

Euskaraz eta kitto,euskaraz demontre,euskaraz ostia!GOAZEN EUSKAL HERRIA EUSKALDUNTZERA!

(Gai berarekin iritzi gisa gogoratzeko “Fustrazioa utikan!” eta “Presioa indartzeko kontrabotere herritarra gorpuztu!” )


Utzi iruzkina: