Presio soziala nahitaezkoa delako EUSKALTZALEON INDARRA KALEAN NABARI DADILA!
#aldarriahedatu ekimenarekin segitzen badugu ere, azken asteotan aurkezturiko mobilizazio-ekimen garrantzitsuak nabarmentzeko beharra ere badago. KORRIKA egutegian eta mapan kokaturik, abenduaren 1eko nazio-manifestaldia laster eta gainean berriz EAEko diglosia normalizatzeko legearen urteurrenaren harira antolaturiko mobilizazioak.
Euskaltzaleontzako hitzordu garrantzitsuak, mobilizazio eta aktibazio iraunkorraren beharraren baitan, ofentsiba sustatuz bultzatu beharrekoak:
Datorren KORRIKA 2013ko martxoaren 14tik 24ra burutuko da Andoaindik Baionara. Goazen korrika Euskal Herria euskalduntzera!
Euskaraz bizi nahia ozen aldarrikatzeko eta erdal-inposaketa salatzeko Kontseiluak antolaturiko Donostiako manifestaldia beharrezko presio soziala gorpuzte bidean jauzi bat bihurtzeko erronka dago. Nahiak argi, grinaz ari! Euskaraz bizi nahi dugu, ez erdaraz!
EAEko diglosia normalizatzeko legearen urteurrenaren hariko mobilizazioei dagokienez EHEren deia dakargu:
"EHEren oharra:
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskararen legeak 30 urte beteko ditu heldu den azaroaren 24an. Hiru hamarkada, mende herena iragan da kasik euskararen herrian bertako hizkuntza normalizatzea helburu ei zuen legea onartu zenetik. Urteotan, egin beharreko bidearen zati bat egin denik ezin ukatu daitekeen arren, ezin da ukatu ere sumisioan oinarritutako 30 urte, arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun 30 urte, ipar egokirik gabeko 30 urte izan direla, finean, herrialdeotako Euskararen Legearen gerizan igarotakoak.
Euskaldunok geure burua zapaltzaile gisa ikusteraino menperatu gaituztenik ezin ukatu. Euskaraz bizi nahi izatea inposaketa bihurtu daitekeela sinetsarazi digute. Horixe da minorizazio prozesuaren ondorio latza. Eguneroko bizimoduaren distortsio neurrigabea, borreroa biktima eta aldi berean biktima borrero bihurtzerainokoa. Eta honek baditu erantzule zuzenak.
Minorizazioaren ondorioz gure herri nortasunaren enborra den euskarari adar izaera ere eman diogu. Euskara ez da erdigunea, euskara beste gai bat gehiago da gehienez ere. Eta honek ere baditu bere erantzuleak.
Berriki esan dugu: espabilatu behar dugu etxean, lanean, jolasean, tristuran eta pozean. Harrotasunez euskaraz bizi nahi dugula erakutsiko dugu han eta hemen. “Eta ezetz! Ez garela espaloitik jaitsiko” esan, edota ikustaraziko diogu hala eskatzen, iradokitzen edota inposatzen digunari.
Eta hori guri dagokigu, gure esku dagoela ulertu eta sinetsi behar dugu. Aukera pertsonalak sortzea eta elkarrekin agerian uztea lortu behar dugu. Abenduaren 1ean Kontseilutik egin dugun deialdia aukera paregabea dugu indarrez gure bizi nahi hori erakusteko.
Baina bizi nahia erakusteaz gain, baina, egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo duela argi eta ozen esatea ere badagokigu. Alternatiba gisa, ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea eztabaida politikoan kokarazi behar ditugu. Eman beharreko aldaketak gugan, gure esku daude, baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere eman daiteke aldaketa hori, eta eman behar da. Ez al daude abertzaleak berriz ere Jaurlaritzan? Bada, igarri dadila.
Instituzioetako jardunean zein gatazka gainditzeko eztabaidetan lehen lerroan egon behar duten gutxienekoak dira ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea. Oinarrizko bi ideia horietatik abiatuta eraiki behar dira adostasunak, gainontzean geure burua heriotzara kondenatzen baino ez gara arituko.
Hizkuntza politika burujabea
Jakin badakigu herri euskaldunak bere hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen legeria ezberdinak pairatzen dituena. Teorian ofiziala izan baina teoriaren letra txikian zein eguneroko praktikan beste hizkuntza ofizialaren ondoan menpeko estatusa duen onarpenetik hasita, Nafarroa Garaian pairatzen dugun zonifikaziotik igarota, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheren eduki ere ez daukagun errekonozimenduraino, herri euskaldunaren errealitate juridikoa negargarria da. Asmo on eta hitz ponposoen atzean 30 urteren buruan zerbitzu oinarrizkoenak ere norbere hizkuntzan jasotzeko ezintasuna, euskaraz bizitzeko debekua bizi dugu euskaldunok.
Honen aurrean, berriz ere, bertatik bertara eta kanpo esku hartzerik gabe erabakitako hizkuntza politika burujabea aldarrikatzea dagokigu Euskal Herri osorako.
Ekimenak:
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskararen Legeak herri euskaldunari ezarritako mugak salatu eta kateak aska ditzagun hainbat ekimen eta elkarretaratzetan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak EHEtik. Azaroaren 24an, aipatu legeak 30 urte betetzen dituen egunean bertan, egingo ditugun elkarretaratzeak:
Azaroak 23:
Zarautz: 19.00etan Udaletxe plazan
Azaroak 24:
Orereta:13.00etan Herriko plazan (eskualde mailakoa)
Donostia:12.30etan Bulebarrean (Erlojuaren ondoan)
Tolosa: 12.00etan Triangulon
Beasain: 12.00etan Zubimuzun
Ordizia: 12.00etan Plazan
Durango: 12:30ean Udaletxe aurrean (txiki-otaegi plaza)
Zornotza: 12:30ean Erreferendum plaza
Gernika: 13:00ean Merkurio iturria
Arrasate: 13:30ean Udaletxeko plazan
Portugalete: 13:30ean Udaletxe parean
Giza-katea:
Astean zehar egingo diren ekimen eta elkarretaratzeei txapela jartzeko giza-katea egingo dugu Gasteizen, 24an bertan. 17:30ean hasita, Andra Mari Zuritik Legebiltzarrera egingo dugu bidea “Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!” lelopean."
Iruzkinak
Utzi iruzkina: