Ofizialtasun aldarria egoki kokatuz
Deiadarren manifestazioaren harira ofizialtasunaren inguruko aldarria egoki kokatuz Sebas Irazoki EHEko kidearen artikulua irakurri ahal izan dugu berriki. Aski argia delakoan pasarte esanguratsu bat dakargu:
"Zatiketaren ondorioz pairatzen ditugun lege guztien oinarrian gaztelaniaren eta frantsesaren nagusitasuna mantentzea dago; euskararen eta euskaldunon menpekotasuna betikotzea; asimilazioa iraunkortzea, bi erdarak lehenetsiz. Horren aitzinean, euskaldunon bazterketarekin bukatzeko lege geriza, lege babesa, ofizialtasuna behar dugu. Hori aldarrikatzea dagokigu gutienez, eta horixe egingo dugu martxoaren 31an. Ez dakigu Deiadarraren manifestaziora joango diren Frantxua Maitia eta bertze estatu Frantseseko ordezkariek holakorik aldarrikatu dutenez. Ez dugu uste.
Estatu frantsesak eta bere ordezkariek euskara eta estatu frantsesean existitzen diren hizkuntzekiko duten mespretxua aski ezaguna dugu denok. Frantsesek erraten duten gisara, “eskualdeko hizkuntzendako” egin behar zuten legea eta Konstituzoaren 75-1. artikulua, mespretxu horren adibide onenak dira. Hau da euskararen onarpenari buruz lortutakoa : “Eskualdeetako hizkuntzak Frantziako ondare dira”.
Euskara, gaztelaniaren eranskin gisa erabiltzen da, konstituzio espainolaren 3.artikuluak dion bezala : “1 : Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta berau erabiltzeko eskubidea dute. 2 : Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan haien Estatutuei dagozkien eran”.
Herri euskaldunaren bidean, beraz, konstituzio frantses eta espainolak dira sasi nagusiak. Eta ezinbesteko jauzia da inposizio horiekin bukatuko lukeen ofizialtasuna lortzea. Ofizialtasun horrek Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela jasoko luke. Euskara lehentasunezko hizkuntza, berezkoa eta ezagutu beharrekoa dela ezarriko luke. Egun, estatu frantses eta espainolaren menpe gareino, gure hizkuntza menpeko hizkuntza da, euskararen “aldeko” legeak menpeko legeak dira eta euskarari estatus egokirik ez diogu bermatzen ahal.
Horren aurrean, guk, euskaldunok, gure geroaz erabakitzeko eskubidea dugun heinean, gure hizkuntzaren geroaz, erabileraz eta egituraketaz bertatik bertara erabakitzeko eta plantan emateko eskubidea dugula aldarrikatu behar dugu. Frantsesek Frantzian eta espainolek Espainian egiten duten gisa berean."
Artikulua osorik irakurtzeko: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-03-30/012/001/euskararendako_lege_geriza.htm
Iruzkinak
Utzi iruzkina: