Ingeles hizkuntzaren hedapen inperialista hezkuntzan
Azken urteetan gero eta ugariagoak
dira hezkuntzan ingeles hizkuntza arrotzaren presentzia areagotzeko
era guztietako neurriak. Askotan gure herria erdalduntzeko hizkuntz
politikak garatzen dituzten berberek bultzaturiko ekimenak dira, TIL
ezaguna kasu, baina beste batzuetan euskalgintzan eta euskal
hezkuntzan txertaturiko eragileengandik ere hartu izan dira. Areago,
ikastolak eremu horretan aitzindaritzan agertu zaizkigu sarri.
Zorionez eta autodefentsa instintua bizirik dugunaren erakusle ordea, ingelesaren sartze hori (benetako sartzea bai!) ez dugu euskaldunok jauzika eta txaloka hartu. Ez hori bakarrik, hainbat eragilek, ingelesaren sartze horrek euskarari kalte egiteko ageriko asmoa izan duenean,salaketaren bidea ere hartu dute.
Batzuei antza gustatzen ez zaien ildoa da hori ordea eta euskararentzako aukerak eskaintzen dituela salduz ingelesaren presentzia handitzearen aldeko idatzi batzuk irakurri ahal izan ditugu azken aldian.
Mamira:
Hasteko, ingelesaren hizkuntz hedapena ez da edozein hizkuntza irakasteko prozesu batekin parekagarria. Hemen ez da ingelesa kasualitatez sartzen eta ez da kasualitatea ingelesa sartzea eta ez adibidez txetxeniera. Euskal Herrian espainola eta frantsesa egitea espainiar eta frantziar inperialismoen ondorio da. Irlandan,Galesen,Hegoafrikan,Australian... eta Ipar-Amerikan ingelesa egitea ingeles inperialismoaren ondorio.
Egun gainera badenik inork ukatzen ez duen mundu mailako inperialismo hegemoniko bat ere bada eta hain zuzen inperialismo horren hizkuntza ere bada ingelesa. Globalizazio deitu izan dena ez baita eremu ekonomikora mugatzen den fenomeno bat, bizi eredu eta kultura jakin baten hedapen osoa baizik. Eta kultur hedapenaz aritzean, batzuetan besterik iruditu arren, eragin aipagarriena ez da hanburgesak jan eta Coca-Cola edatea. Eragin aipagarri eta sakonena ingeles hizkuntzaren hedapena da.
Gauzak argi beraz.Ez gara edozein hizkuntzaren irakaskuntzaz ari. Berriz ere hizkuntza arrotz baten hedapen inperialistaz ari gara.
Hezkuntzari dagokionez ,euskalduntzea bermatzen ez duen hezkuntza jasaten dugu;aldiz, espainol eta frantses gaitasuna bermatua da.Kontuan hartu behar baita gainera hizkuntza gaitasunean ez duela hezkuntzak soilik eragiten eta jendartearen hizkuntz egoera orokorrak eragin erabakiorra duela. Hemen ondorioz, euskaldun guztiok dugu espainol edo frantses hizkuntz-gaitasuna,baina aldiz euskarazko hezkuntzan murgilduriko anitzek ere ez dute euskara gaitasunik (batzuek bestelakorik sinestarazi nahi arren). Egoera hori izanda ingelesa gehitzea mesedegarri?
Oso aipagarria da euskalduntzea herri eskubide gisa aldarrikatzeko konplexuek bere ondorioak dituztela gai honetan ere. Askotan euskara “beste hizkuntza bat gehiago” ikastearen mezuarekin “saldu” da, hizkuntzak ikastearen aberastasunaren baitako kokapen soilaz. Hortaz, batzuk antza inor baino eleaniztasunzaleago agertu beharra sentitzen dute eta ingelesa hedatuz erakutsi nahi dute zaletasun hori.Nahiz eta hain zuzen eleaniztasunaren salmenta edo marketin hori erabat agorturik egon.
Izan ere, inkesta batzuetan euskaldunoi euskaldun ez deitzeko “elebidun” deitzen bazaigu ere, gero eta erdaldun gehiago dira eleanitzak gure artean. Frantsesez eta espainolez, espainolez edo frantsesez eta ingelesez,...dakitenak.
Eta euskara “lehiakortasunaren”, “erakarpenaren” eta “prestakuntzaren” merkatuko eskaintza gisa aurkeztea zentzugabekeria gero eta ageriakoagoa da. Parametro horietan beti nagusitzen baitira atzetik indar politiko eta ekonomikoa duten hizkuntzak.Parametro horietan hizkuntz minorizatuak hutsaren hurrengo dira. Besteak beste “erakarmen ahalmena” funtsean beharrizan maila besterik ez delako. Eta bai, ingelesa beharrezko jotzen da nazioarteko harremanetarako, horrek ere sekulako indarra emanez.
Egungo egoeran halako indar baten gehitzeak, espainola eta frantsesari eragingo liekeela eta ez euskarari pentsatzeko oinarririk ez dago.Bai ordea, kontrakorako asmorik.
Gure ustez euskararen eta hizkuntz ekologiaren ikuspuntutik gauzak argi daude. Baina eremu honetan gauza gehiagok eragiten dute. Etengabe euskara “erakargarri” bihurtzea lehenesten duten zenbaitentzat euskarak “moderno” itxura eman behar du, “modernoetan moderno” ere eta noski ingelesaren hedapen inperialistari aurre egitea ez da batere “modernoa”. Modernoa? Egia esan kontua oso zaharra da. Garai batean “zibilizazioa” latinaren eskutik iristen zen, orain ingelesaren eskutik...eta hortik kanpo “basakeria”,”atzerapena” eta “inzibilizazioa”.Beraien ikuspuntutik noski. Baina boterearen eraginez ez beraienetik bakarrik...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: