Hendaiako Herriko etxearen aurpegi frantseszalea agerian

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2011-12-09 09:39

Bitxia da, gutxienez, Euskararen Herria ukatzen duten eragileetako kide izan eta aldi berean "euskaltzale" agertu nahi izatea.

Izan ere, bihotzik gabeko gorputza hilotza den gisan, gorputzik gabeko bihotzaren patua ere berbera baita.

Hendaiako Herriko etxean bada kontraesan hori ezkutatu nahian ari denik, baina egiazki frantsezaleak eta ez euskaltzaleak direla anitzetan gelditzen da agerian.

Aski argigarria delakoan Berrian agerturiko iritzi artikulu bat dakargu horren erakusgarri:

2011-11-05

"Zuzendariari

Hendaiako Udalaren afixak

David Zapirain.

Gure etxetik gertu agertu diren udal afixa berri batzuk direla-eta idazten dut. Hendaian, De Gaulle etorbidean, geltokitik gertu dauden eskaileretan, bi okindegien artean. Bi okindegi horiek, nonbait, beraien zaborra kalean uzteko ohitura zuten hartua, eskailerak blokatzen zituztelarik. Orain, herriko etxeak afixa paratu du, baita erdaraz bi aldiz paratu ere: frantsesez eta gazteleraz. Ohitura berri hori ohikoa bihurtzen ari zen gure herriko saltoki ospetsuetan (Triborden, Carrefourren, eta SNCF-k berak ere hala pasatzen ditu bere bozgorailuetatik mezu asko), baina harriduraz ikusten dut herriko etxeak ere hala egitea. Batetik, ezaguna baita auzapezaren euskalzaletasuna; bigarrenik, ezaguna baita gobernu taldekide askoren espainolfobia. Zer dela eta, orduan, ez dute euskaraz afixatzen?

Kontxo, agian konturatu dira euskaldunak oso jende garbia eta polites handikoak garela, eta gure kaleak zikintzen dituztenak espainolak eta frantsesak direla. Beharbada, hori izango da erantzuna. Izan ere, beste erantzun posible batzuk arrazakeriarekin, ezjakintasunarekin eta horrelako kontzeptuekin dute zerikusia. Eta ez dut uste hori hala denik; nola izango da hori horrela, hemen kolonoek Abadia Jauna astronomo frantses bat zela uste baitute? Edo euskaldunak frantses iraultzaren ondoren iritsitako basapizti batzuk garela? Edo euskara hagitz zaila dela idazteko, eta are zailagoa irakurtzeko?

Hortaz, esandakoa. Euskaldunak oso garbiak gara."




Utzi iruzkina: