Haiek erdal-presioa,errepresioa...eta guk HERRI PRESIOA!

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2012-10-03 15:03

Horrela genion 4 .olerki-manifestuan eta hori diogu euskararen aldeko hizkuntza-politiken zantzu txikienik ere garatu ez dadin,espainiar inperialistak mehatxuka dabiltzanean. Kikiltzerik ez,euskararen etsaiei hortzak erakutsi eta EUSKALDUNOK OFENTSIBARA !

Euskaldunok irribarre egin eta sinpatiko-txintxo izatera mugatzen bagara,gatazkak ekiditea lehenetsi eta erakargarrikerietan bagabiltza,etnozidak ez dira kezkatzen.Aldiz,hizkuntza-zapalkuntza borrokatu eta Euskal Herria euskalduntzeko dinamika edo neurriak garatzen baditugu errepresioarekin (hurrunago joan gabe « Egunkaria » ren itxieratik Altsasuko EHEko bi kideren aurkako epaiketaraino, kasu esanguratsuekin zerrenda luzea osa liteke) erantzuten dute.Edo errepresioaren mehatxuarekin.

Horrelaxe egin du Carlos Urquijo espainiar gobernuaren EAErako ordezkariak berriki Gipuzkoako Aldundiak euskararen erabileraren inguruan iragarri dituen neurriak ezagutu orduko.Hainbat dira puntu azpimarragarriak :

Bilduk kudeaturiko aldundiaren iragarpenari dagokionez, inposatzaileen erreakzioak berak argi erakusten du hizkuntza-egoera benetan aldatzeko garatu beharreko neurrien baitako kokapena izan dezaketela.Garbi dago euskararen etsaiek potentzialtasun hori ikusi diotela.Hori bezain garbi dago ordea,haiek neurri horiei emaniko dimentsionatzeak hizkuntza-politika eraldatzaile baten abiatze aukera mozteko nahiari erantzuten diola eta iragarritako neurriek bere horretan soilik ez dutela hainbesterako dimentsiorik .Abiapuntu bihurtzearen aukeran dago gakoa.Eta zentzu horretan Bildurengandik egiten ari den kokapen ideologikoa gure ikuspuntutik kritikagarria dela ere esan beharra dago.Legea betetzearen apologismoak eta « bi hizkuntza ofizialen » parekidetasun xedea helburutzat jartzea higatzailea da Euskal Herri euskalduna eskuratzeko oinarrientzat. Nabardurak ñabardura eta erabilpen teknikoak erabilpen, herri euskaldun gisa pairatzen dugun legea ez da soluziobidea. Jasaten dugun amaraun legal guztia borrokatu eta irauli egin behar da !

Azpimarratu beharreko beste puntu bat euskaltzaleon jarrerarena da.Azken aldian atzapar agerpen tinkoak garatu dira (« Gara-Naiz »en hizkuntza-irizpideen, Kaiku-Lakuaren jarreraren eta Otegi eta Ibarretxeren liburuen inguruko salaketekin bereziki).Abertzaleekiko presioa indartzeak eta aktibatze horrek badu eraginik.Exijentzia apaldu gabe, indartzen segi eta kasu zehatz honetan EAJren jarrera lotsagarria ere aipatu behar da,gure hizkuntzaren aldeko neurriak inposaketarekin lotzen dituen propaganda inperialista elikatzeagatik.

Azkenik,errepresioa eta zurikeria,biak,Euskal Herria arroztu nahi dutenen politikaren osagaiak direla gogoratzea ere beharrezkoa da.Duela ez hainbeste Urquijok « gorazarre » ezagun batean izan zen eta bertan parte-hartze oso esanguratsuak izan ziren.Eta duela ez hanbeste era berean erdal-presioaren eta errepresioaren sustatzaileak zuritzeko « ekarpena » egin baitzuen Euskaltzaindiak.


Utzi iruzkina: