"Gatazka eta hizkuntza" iritzi-artikulu astintzailea
Halaxe iruditu zaigu duela egun gutxi Berria egunkarian Iñaki Lasak argitaratutako idatzia.Hizkuntza zapalketaren azalpen argia,salaketa,interpelazioa eta azpimarragarria den jarrera ofentsiboa...Oso-osorik dakargu gure ustez esanguratsuenak diren puntuak nabarmenduz:
" Herritarrek idazten dute hizkuntzen historia eta horren truke hizkuntzak talde, komunitate izana eskaintzen die herritarrei. Bereziki nabarmena da hori gure herrian, hizkuntzak eta ez beste ezerk ematen digu izena eta ondorioz izana. Hitz egiten dugulako gara, garelako hitz egiten dugu.
Hizkuntza gatazkak, beraz, komunitateen arteko gatazkak dira, botere gatazkak definizioz. Jende talde batek lurralde bat okupatu eta bertan bizi den jendea asimilatu nahi duenean, bere hizkuntza inposatzea bilatzen duen hizkuntza-politika abiatzen du. Boterea erabiltzen du horretarako, erabilera eragozten du, debekuak ezartzen ditu, hezkuntzan hizkuntza hori erabiltzea eragozten du eta zeregin administratiboetan balioa kentzen dio hizkuntza horri arau eta jardun zehatza erabiliz. Hori hizkuntza-politika da, okupatua izan den herri horri aplikatzen zaiona haren izana galaraziz asimilazioaren bidean jartzeko. Euskararen historia horixe da.
Espainia eta Frantziako estatuek, garai historiko desberdinetan eta forma eta modu desberdinez baina kasu guztietan boterea erabiliz, Euskal Herriaren asimilazioa bilatu eta bilatzen dute oraindik ere. Ez dute inoiz baztertu zeregin horretan arauak erabiltzea, umilazioa eta bazterkeria bilatzen duten diskurtso eta politikak, debekua gupidarik gabe erabiltzen dute eta euskararen kontrako indar mediatikoa etengabea da. Azken urteotan, Nafarroan bereziki, erabateko ofentsiba bizitzen ari gara, itotze ekonomikoa, arauaren erabilera hizkuntzaren aldeko mugimendua ahultzeko, ingelesaren erabilera zitala hezkuntza alorrean euskarak izan duen aurrerakada gelditzeko eta abar. Estatuek eta bere laguntzaile fidelek, administrazio guztietan, aurrera darraite euskararen normalizazioa galgatzeko lanean, asimilazioaren bidean. Gaur egun, hizkuntza-politika kudeatzen duten arduradun nagusien artean ez dago inolako borondaterik euskara normalizatzeko. Bankuaren zaintza lapurrek edukitzea bezain burugabea da hizkuntza-politika euskara normalizatu nahi ez duten horien eskuetan uztea.
Egoera horri buelta emateko eta kontuan hartuz, arestian esan bezala, hizkuntza gatazkak botere gatazkak direla, boterea eskuratu beharra dago. Zapaldutako eta umiliatutako hizkuntza-komunitateak bere eskura dituen botere-gune oro ausardia handiz erabili behar ditu, izana baitago jokoan, hil edo biziko borroka delako. Azken hamarkadetan, ahoz, diskurtsoz euskararen normalizazioaren alde dauden eta, EAEn bederen, instituzio nagusiak kudeatu dituzten indar politiko horiek egin duten hizkuntza-politika epelak ez du behar dugun baldintzen hobekuntza erabakigarria ekarri eta, aurrerapausoak eman badira ere, horiek herri mugimendu antolatuaren aktiboa dira gehiago, hizkuntza-politika ausart baten emaitza baino.
Zentzu horretan, Bilduren agerpenak mapa politiko instituzionalean itxaropenerako argia piztu zidan, aitortu behar dut. Bilduk eskuratutako botere-gune horietan indarrez eta nabarmen egingo zuela aurrera sinetsita nengoen. Hala ere, ia urte bete pasa den honetan ez dut hizkuntza-politikan aldaketa esanguratsurik ikusi. Raxoik eta bere taldeak inbidia eragiten didatela onartu behar dut, izan ere, ez dute izan inolako arazorik lehen egunetik arauak sortzen hasteko; boterea hartu dute eta erabiltzen hasi dira. Bilduren jardunera bueltatuz, ausart jokatzen ari da zabor bilketarekin edota ogasunaren gaiarekin, baina ez zaio su bera ikusten hizkuntza-politikaren alorrean, begi bistakoa da hori. Izana dago jokoan, lagunok, indarrak biltzeko unea iritsi da, hizkuntza bat normalizatzea jardun politikoa eta soziala da, geroko uzterik ez dagoena, eta zeregin horretan epelkeriak baztertu eta behingoz, herri hau martxan jarri behar dugu, tinko, sendo, eraginkor. Udaletan eta aldundietan legealdia bukatzeko hiru urte gehiago falta dira, boterea erabiltzeko aukera hor dago, beti egongo da erabili nahi duenarentzat.
Gatazkaz hitz egiten da maiz azken aldi honetan, haren ondorioez, sufrimenduaz eta hori guztia gainditu beharraz. Hala ere, oraindik ez diot inori entzun euskararen desagerpenaren bitartez herri honen asimilazioa bilatzen duten horien hizkuntza-politikak eragiten digun atsekabea gainditu beharra dagoela. Euskara ez da hizkuntza gutxiagotua hiztunok baztertu dugulako; egoera horretara iritsi gara boterearen indarra erabili delako gure kontra, debekuz, arauz eta umilazioz, eta gatazkaren konponbidea bilatzen dugunok ezin dugu errealitate hori baztertu. Areago, ez dago benetako konponbiderik estatuek ez badute onartzen erabat burujabeak garela zer-nolako normalizazio-prozesua burutu nahi dugun erabakitzeko kanpo esku hartzerik gabe. Gatazkaren gainditzea bakarrik uler liteke baldin eta gure etorkizuna erabakitzeko beharrezko ditugun baldintza politikoak eta juridikoak eraikitzeko aukera librea eskaintzen bazaigu; hortxe zoru egokia Euskal Herri berriaren zutabeak eraikitzeko, horixe zoru egokia euskara normalizatzeko."
Iruzkinak
Utzi iruzkina: