Euskaraz independentziari bai! (eta erdal-herriari ez!)

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2012-02-15 14:48

Euskara hizkuntza minorizatua da. MINORIZATUA bai,alegia beste batzuek azpiratze egoera batetara eramana,ez berez minoritarioa. Zehazki esanik espainiar eta frantziar estatuek minorizatua. Izan ere, euskara gaztelania eta frantsesarekiko minoritario bilakatzea ez da erdal hizkuntza horien errua. Hizkuntzek ez dute gisa horretako ardurarik, erantzunkizuna erdal hizkuntza horien inposatzaileena da.

Euskararen zokoratze egoera eta Euskal Herriaren erdalduntzea espainiar eta frantziar inperialismoaren ondorio dira. Herri euskalduna desagerrarazi eta nazio-ordezkatzea burura eramanez beraien baitan ASIMILATZEKO estrategia herri-hiltzaile (etnozida) baten ondorio.

Euskararen menpekotasun egoera hizkuntz politika batzuen ondorio dela azpimarragarria da beraz,baina hori esatearekin bat hizkuntz politika horiek asimilazio helburu orokor horretan txertatzen direla ere azpimarratu behar da.

Euskara eta politika bereiztea zentzugabekeria da beraz. Eta gure ustez, euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna bereiztea ere bai. Xalbadorrek bertsoz ederki azaldu zigunez herria da gorputza,hizkuntza bihotza eta bereiziz gero segurra hilotza. Horregatik Espainia eta Frantziarekiko menpekotasuna onartzen duen euskaltzaletasuna kasurik onenean errena da eta euskara baztertzen duen abertzaletasuna berriz iruzurra.

Euskal Herriaren berreuskalduntzea burura eramateko nazio-ordezkapena gauzatu nahi duten estatu inperialistekin haustea beharra da beraz. Argi eta garbi: independentzia beharra da herri euskaldunarentzat.

Maiz entzun dugu Euskal Herriak heldutasuna baduela tutelarik gabe bizitzeko. Guztiz “argudio” distortsionatzailea iruditzen zaigu. Espainia eta Frantzia ez dira gure gurasoak eta herri-euskalduna ez da heldutasuna lorturik gurasoen etxetik emantzipatu daitekeen subjektua. Ez. Herri euskalduna arrotzek menpe harturik bere nortasuna erauzi eta beste nortasun batez ordezkatzeko saioa pairatzen ari den subjektua da. Eta saio hori eteteko askatasuna behar du.Independentzia.

Horregatik eta berreuskalduntze bitarteko guztiak izateko estatu burujabe propioa izatea funtsezkoa delako, euskararen aldeko herri mugimendutik independentziari konplexurik gabe bai esatearen aldekoak gara. Baina areago, estatu horren izaeraren garrantzia azpimarratzea ere berebizikoa da.

Estatu burujabea, bere baitan helburutzat ulertzetik urrun, Euskal Herri libre eta euskaldunerako bitarteko gisa ulertu beharko litzateke, berreuskalduntze borrokan kokatuz. Izan ere, euskaltzale batzuen konplexuak aipagarriak badira, gutxienez haiek bezain aipagarriak dira independentista batzuen ideia arriskutsuak ere.

Hasteko estatu bat izateak berak soilik ez du deus bermatzen eta jakina, euskalduntzeari ekiteko ezin da hura lortzearen zain egon ere. Estatu horren izaera erabakigarria da eta euskalduna izan behar du.Ez dezagun ahaztu badirela munduan estatua lortu arren nazio-askapenetik urrun diren adibideak, kulturalki ia erabat arroztuak segitu dutenak. Adibide ezaguna dugu Irlandakoa.

Anti-eredu berdintsuan kokatzen dugu guk azken aldian batzuk eredutzat aurkezten duten Eskoziaren kasua ere. Guri nazionalki asimilaturiko sujektu bat estatuarekin ere ez zaigu inoiz eredugarri irudituko. Nazio askapena nazio-hizkuntzan burutzen ez bada, estatua lortuta ere nazio arrotzen izaera nagusitu daiteke (eta beraz nazio askapenik ez gauzatzea).

Independentzia bai beraz. Krisi ekonomikoarekin edo gabe eta estatu inperialisten finantza egoera gora-behera (independentismoa sustatzeko mezu utilitarista batzuk ere zentzugabeak iruditzen zaizkigu). Independentzia asimilazio saioa eteteko eta Euskal Herri libre eta euskalduna lortzeko bitarteko gisa.

Bestela, Txomin Iturbek adierazi legez: “Independentzia,burujabetasuna eta gainerako guztiak soberan daude euskararik gabe. Euskararik gabe ez dago ez burujabetasunik ez kristorik!”.


Utzi iruzkina: