EUSKAL TELEBISTARI BURUZ:

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2012-06-06 16:44

Azken aldian ETBn are eta erdara gehiago,baita ETB1n ere,sartzen ari direla eta ugaldu egin dira salaketak. Euskaltzalegoan orokorrean eraso gisa ulertzen dira garbiki erdalduntzean sakontzen duten erabaki horiek eta aktibatze edo erantzun maila bat ere agertu da.Baina nagusiki,salbuespenak salbuespen,planteamendu defentsibo hutsak azaleratu dira batez ere.Jarrera horrek ordea ETBk azken hogeitabost urteetan izan duen ereduaren kritikarik eza darama askotan berarekin eta hain zuzen eredu hori da,ez defendatu,baizik eta errotik aldatu behar dena.

Garbi mintza gaitezen: Azken urteotan ETB are gehiago espainiartzeko neurriak hartu dira eta hartzen ari dira,baina ETBren erdalduntzea ez zen PPSOEk ezarritako zuzendaritzarekin hasi.ETBren erdalduntzea 1986an hasi zen,ETB2 espainolez emititzen hasi zenean.

“Autopsiarako frogak” liburuan aldaketa hark suposatu zuena ederki azaltzen du Koldo Izagirrek: euskararen inferioritatea sekulakotzea,bere buruari euskal zeritzon erakundeak gaztelaniaz (ere) emitituz.Aldiz euskara hutsez aritzeak euskara hizkuntza nazional gisa agertzeko aukera eskaintzen zuen eta espainiar estatuko botereguneetan ohartu ziren horretaz.

Gertaera hori gakoa da beraz ETBren hizkuntza-ereduari dagokionez.Ordura arte euskalduna eta geroztik elebidun eta izatez diglosiko.Ondorio larriekin: berreuskalduntze bidean urrats kualitatibo bat izan zitekeena zapuztea,euskaradun izatearen beharra apaltzea eta agian ondorio sakonena eragin duena,erdara (kasu honetan espainola) ere gure hizkuntza gisa saltzea,hizkuntza-zapalketa desitxuratuz eta diglosia zilegiztatuz,abertzale eta euskaltzale ugariren planteamenduetan ere txertatzerainoko indarrez.Beraz,hizkuntza ereduari dagokionez gakoa hor dago eta ez azken hogeitabost urteetako ereduaren baitako erdalduntze maila apal edo intentsoagoan.

Koldo Izagirrek espainiar estatuko botereguneak aipatzen ditu bere liburuan,baina erdalduntzearen ardura argiki abertzaleen gain ere ezartzen du.Azpimarratzekoa.

Erdalduntzearen aurkako kritikekin batera telebista-ereduari buruzko proposamenak ere ari dira ugaltzen azken hilabeteetan eta EAEko hauteskundeen ondorengo agertokira begirako edukia ere badutela nabarmena da.Garbi mintza gaitezen beraz horretaz ere:

Argi dago ofentsiba espainolista baten zerbitzuko azken urteetako erabilera amaitzear egon daitekeela.Ez dago batere garbi aldiz,horrek hizkuntza-ereduaren aldaketa suposatuko duen.Edo tira,beharbada argi dago: azaleko aldaketa bat emango dela,baina eredua (elebidun-diglosikoa) ez dela aldatuko.Ez dirudi behintzat printzipioz eragin ahalmen handiena izan dezaketen eragile abertzale nagusien jarrera kontuan hartuta.

EAJ asko ari da ETBren azken aldiko erabakiak kritikatzen,baina bere “alternatiba” Surio-aurreko egoera da.1986ko eredu aldaketan erantzunkizun nagusia izan zuenak eta gero gainera erdalduntzean sakontzen jarraitu zuenak (erdaldunak ziren zuzendarien izendapenak ere adibidez ez dira PPSOEren esklusiba izan) ez du sakoneko eredu aldaketa planteatu ere egiten.

Subiranisten koalizioari dagokionez berriz,aldaketa borondate handiagoa suposatzen zaio,baina eredu elebiduna gainditzeko asmorik ez dute momentuz agertu eta eredu hori auzitan jartzeko abaguneetan hauek ere nahiago izan dute hizkuntzari dagokionez azalean ari,mamiaren,ereduaren benetako aldaketa sakona planteatu beharrean.

Hala eta guztiz,eragileak aipatzean bereziki herri-mugimendua ere aipatu behar da.ETBren sorrera,batzuek zabaldu nahi luketenaren kontra,ez zen ekimen instituzional hutsa izan.Euskararen aldeko herri-mugimenduaren ekimen,kanpaina eta mobilizazioei loturik eta ondorioz eman zen (ezarri dugun irudia horren erakusle).Jarrera tinko eta sendo hura,zoritxarrez ETB erdaldundu zutenean hainbesteko indarrez gauzatu ez zena, eredu dugu.Eredu kontrabotere herritarraren aktibazio gisa,eredu euskalduntze bidean urratsak eragiteko eta eredu benetako berreuskalduntze prozesu baten abiatzea bultzatzeko.

ETB euskaraz eta kitto!Eta aurrera euskarazko herri-telebistak!

 


Utzi iruzkina: