Donostia 2016 eta euskararen aldeko herri mugimenduaren jarrera,aldaketa beharraren erakusle

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2012-08-27 16:09

Donostia 2016 egitasmoarekin loturiko albisteak etengabe agertzen zaizkigu hedabideetan eta laister,kasu askotan izaera propagandistikoz blaiturik,proiektu hori gidatuko duen fundazioaren aurkezpena ezagutaraziko dute (espainiar kultura ministeritzaren partaidetzaren "berrikuntzarekin"...EAEko gobernuak,Gipuzkoako aldundiak eta Donostiako udalak gonbidatua izan ondoren!).Gaurkotasun edo aktualitatean toki nabarmena duela ukaezina da eta baita pisuzko gertakaria ere.Hilabetea igaro da egitasmorako kultur-zuzendari erdalduna hautatu zutenetik eta euskararen aldeko herri mugimenduko eragileen salaketan dagoen hutsune orokorra,hots salaketa eza,azpimarragarria da.

Ziurrenik agerraldi soil bat aski litzateke aldaketak eragiteko,bere euskaltzaletasunaren egiazkotasuna frogatzeko Bilduko aldundia eta udala neurriak hartzera behartuak egongo liratekelako.Baina antza,gure hizkuntza baztertu dutenak "abertzale" deitzen badira beste aldera begiratzeko jarrera nagusitzen da oraindik.Gogora dezagun beraz jarrera horri dagokionez bloga abiatzean adierazitakoa:

"Argi dago egiturazko zanpaketa eta frantseste/espainiartzea helburu duten hizkuntza-politikak borrokatzea funtsezkoa dugula. Euskararen etsaiei hortzak erakustea. Ahalegin ezinbestekoa suposatzen duen lan-ildoa dugu. Aldiz, ustez euskararen aldeko diren eragileek gure hizkuntza zokoratu eta erdara bultzatzen dutenean, mugimendu euskaltzalean askotan beste aldera begiratzeko joera dago. Lanez lepo gabiltzala, ustez helburu bertsuak ditugunon arteko ika-mikak saiestea... aitzakiak ugari izan daitezke. Baina finean, jarrera defentsibo baten isla izateaz gain, berreuskalduntze bidean urrats kualitatibo bat emateko aukeraren ukoa suposatzen du horrek.Izan ere, zoritxarrez ez dira gutxi beraien jardueran euskara baztertzen duten eragile horiek. Baina benetan euskararen aldekoak badira, jarrera horiek aldatzeko ez da euskararen etsaien kontra behar den adinako indarrik behar. Printzipioz "koherentzia" afera bat besterik ez denez, aldaketak askoz errezago lortzeko modukoak lirateke."

BADA GARAIA JARRERA ALDATU ETA EREMU HORRETAN ERE OFENTSIBAN ARITZEKO!

 

 


Utzi iruzkina: