EUSKARAZ OSTIA:Aurkezpena eta ekite irizpideak

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2011-11-03 01:14

Baliabide eta denbora gutxi dugun "euskaltzale haserretu" batzuk baizik ez gara. Hortaz, gure hausnarketarekin bat egiten duzuenon esku ere badago gune hau. Parte hartzeko, iritziak emateko, proposamenak egiteko,...gonbitea luzatzen dugu.

Momentuz honela hasiko gara: Astean behin blogeko ohar gisa "LOTSAGORRITU" atalaren baitako kasu batzuk agertuko ditugu, azalpena emanez, baztertzea lotura edo irudiz erakutsiz eta jarraian gure iritzia emanez.

"ZUZENKI" atalari dagokionez, kasuek euskal blogosfera osoaren bolumena gaindituko lukete. Hortaz, kasuen agerpena baino, aldaketak eragitera bideraturiko ekimen zehatzak proposatuko ditugu, eztabaidatu ondoren presio euskaltzalea zuzenki helarazia izan dadin.

Diglosi egoeragatik eta alienazioagatik, erdararako joera sortzen duen sakoneko presioa dago. GUK PRESIO HORI IRAULTZEKO INDAR EGITEA DUGU HELBURU.

Euskara baztertzen duenari jarrera aldaketa exigituko diogu TINKO. Jakina OSTIA hitzarekin gure sutzea agertzen badugu ere, irainera hurbilduko den hitz bakarra hori izatea ere sartuko genuke irizpideetan.

Egunerokotasunean blogari bizitza-eraginkortasuna ematea irakurleen esku legoke. Horretarako iruzkinak baliatzea proposatzen dugu, iritziak ematearekin batera, zuek ere kasuen berri emanez, estekak bidaliz, ekimenak planteatuz etabar. Bere xumetasunean erronka kolektiboa izan nahi du honek.

Ekin eginen diogu eta ekinaren ekinez, ea kontrabotere aktibazio hori gorpuzteko eragiten dugun!

 


Utzi iruzkina: