Pauso bat harago, pauso bat euskararen herrirantz

euskarazetakitto 1456132563434 Euskara eta Real Politik | 2008-12-12 13:05

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren biharamunean, ondoko galderak jarri zituzten mahai gainean Bilgune Feministako kideek: «D eguna pasatu da, eta orain zer? Halako egun esanguratsuetan jendarteko sektore guztiek dute zerbait esateko, baina urteko gainerako 364 egunetan, zer egiteko daude prest?». Eta ez sinestekoa bada ere, errealitatea horixe da. Urte osoan zehar aurki ditzakegu zurikerietarako aproposak diren zerbaiten aldeko edo kontrako egunak. Azaroaren 25az jardun zuten Bilgunekoek, nik beraiek eginiko galdera berak jarri nahi nituzke abenduaren 3a, Euskararen Eguna, zurikerietarako erabiltzen duten horientzat.

Egun horretan hamaika auzo eta herritan egiten dira euskararen aldeko ekimenak. Fede onez, ilusioz, kolorez jantziak gehienak. Baina badira faltsukeriaz beteriko ospakizunak ere, Azkuna alkate analfabetoak gobernatzen duen instituzioak edota Jaurlaritzak ospatzen dituztenak kasu. Abenduaren 3an badirudi arduradun politiko guztiak euskararen alde guztia egiteko prest daudela. Baina zein izaten da abenduaren 4ko errealitatea? Egin kasu, abenduaren 2ko bera, gaztelaniaz funtzionatzen duten instituzioena. Hogeita sei urte dira EAEn euskara ofiziala dela (Euskadi ez dut idatziko, norbait agian despistatu egingo da-eta), eta oraindik Bilboko udalbatzak gaztelania hutsean egiten dira, Jaurlaritzan administrazioek orokorrean gaztelaniaz funtzionatzen dute eta eskolak euskalduntzeko behar diren aldaketak egitearen aurka daude.

Azken batean, eguneroko jarduna gaztelaniaz edota frantsesez eraikia den errealitatean bizi gara euskaldunok. Ogi apur batzuen truke, erdaldunekiko tolerantziaz eta errespetuz jokatzeko eskatzen digute, nahiz eta jokabide horrekin geure burua eta euskara izorratu. Eta aspertu gara horrelako jokabideak erabili beharraz. Bada garaia euskaldunoi sortu dizkiguten konplexuei aurre egin eta euskaraz bizitzeko pausoa eman dezagun. Erdaraz eraikitako errealitatean euskaldunak ikusezin izateraino baztertu gaituzte, eta hori iraultzeko jokabide berriak behar ditugu euskaldunok. Hizkuntza sumisioa gainditzeko bidean jarriko duten jokabideak, hain zuzen. Euskaraz bizi nahi izatea, eguneroko zama izatetik hauspo izatera pasako duten jokabideak.

Menpeko izateari uzteko estrategia garatu behar dugu finean. Gainontzean jai du euskarak eta, ondorioz, jai Euskal Herriak. Burujabetzaren aldeko indarrak batzearen inguruko iritziak ere ugaltzen ari diren honetan, ausartuko ginateke indar batze horrek ere estrategia aldatu beharra daukala esaten. Inori ez diogu aditzen burujabetza euskaraz biziko den herri bat eraikitzeko nahi duenik esaten. Zertarako orduan burujabetza? Xalbadorrek maite zuen Euskal Herria eta gaur eguneko abertzale askok amesten duten Euskal Herria berdinak ote dira? Ezezkoan gaude gu. Gure ustez, Xalbadorren Euskal Herriak behar du izan bide berriaren erreferentzia. Horregatik pentsatzen dugu irakurketa berritu, eta euskara eta euskal kultura burujabetzaren aldeko balizko bide berriaren erdigunean kokatu behar direla.

Pauso bat harago emateko garaia heldu dela pentsatzen dugu, alegia. Abenduaren 13an BECen izango dugu lehen aukera. «Bai Euskaratik», «Euskaraz Bai» esatera pasaz. Euskararen alde egotetik, euskaraz ikasi edota erabiltzera pasatzeko pausoa emanez. Euskaraz biziko den herria gertuago izango dugu hori egiten badugu.

Pausorik pauso, beti bidea eginez, gu ere bagoaz!


Utzi iruzkina: