Luzamendutan ibiltzearen kalteak

euskarazetakitto 1456132563434 Euskara eta Real Politik | 2007-01-19 11:34

Euskararen Erakunde Publikoak euskararen transmisioa, erabilera, motibazioa eta kalitatea hobetzeko asmoak jasotzen dituen egitasmoa aurkeztu zuen orain hilabete. Aurkezpen horretan gauza positibo batzuk egon baziren ere, orokorrean aspektu ilunak nabarmenagoak zirela iruditu zitzaidan. Aspektu ilunak diot, albo batera utzi diren kontuak izan direlako ofizialtasunaren beharra eta hizkuntza eskubideen aitortza. Baina badira beste kontu batzuk egitasmo horretan, ondorengo idatzian argitzen saiatu naiz guzti horiek:

 Egiten den proposamenean, ez zaio euskarari izaera ofizialik aitortzen. Ez du kontzeptu hori aipatu ere egiten. Beraz, orain arte bezala, euskara frantsesaren aurrean ez da existitzen. Hizkuntzari ofizialtasunik aitortu gabe, orain artean egin den bidearen jarraipena besterik ez da geratzen. Zeinaren bitartez ezinezkoa izango den euskara dagoen egoera larritik ateratzeko beharrezkoak diren aurrera pausoak ematea. Hizkuntza bat berreskuratu nahi bada, horretarako egiten den hizkuntza politika legeetan oinarritu behar da, lege babesa behar du. Eskubideak eta betebeharrak arautuko dituena. Eta ondorioz hizkuntza eskubideak babestu behar ditu.

 Eskubide hitzarekin jarraituz aipatu behar dugu ez duela behin ere berau aipatzen. Ez ditu hizkuntza eskubideak aitortzen. Ondorioz, aitortzen ez den eskubide bat bermatzea ezinezkoa izango da. Arazoa da Estatu frantsesak ez duela euskararen normalizazioa helburu gisa hartzen eta ondorioz, hori islatu egiten da hizkuntza politikarako proposamen honetan. Zeren gainean eraiki nahi du ba hizkuntza politika eskubideen gainean ez bada?

 Ba, ditxosozko borondatean. Txosten osoa intentzio deklarazio bat da. Egitasmo batzuk jasotzen dituena, baina ez du inoiz horietan betebeharrik finkatzen. Behin eta berriz aipatzen du “aukera” hitza. Ondorioz, bakoitzak izan dezaken borondatearen arabera jokatzeko aukera zabalik uzten du. Eta horrekin euskararen normalizazioa lortuko denik espero al daiteke? Euskarak gaur egunean dituen beharrei erantzuteko balio al digu borondate hutsak?

 Argi dago ezetz. Euskararen beharrak asetzeko borondatearekin bakarrik alferrik da, eta orokorrean, egitasmoak ez die euskararen beharrei erantzuten. Bere lurraldean bertan, euskara hizkuntza gutxiagotua da. Eta normalizazioa helburu duen politika orok egoera horren araberakoa izan behar duela begi bistakoa da. Euskarak lehentasunezko hizkuntza izan behar du gaur egungo egoera iraultzeko, eta EEP-ren egitasmoak ez du horrelako biderik inondik inora jorratzen.

 Guzti honegatik beraz, nire ustez egitasmo honek iruzur egiten die bai euskarari bai eta euskaldunon beharrei ere. Iruzurra da euskararentzat aterabide moduan aurkezten delako, euskararen garapenerako hizkuntza politika moduan aurkezten delako. Baina egiten den proposamenak ez dio jartzen zaion izenburu horri erantzuten.

 Horren aurrean aldarrikatu nahiko nuke ausardiaz jokatzeko garai dela. Euskararen biziraupena bermatzeko aukerak txikiagotzen doaz urtea joan eta urtea etorri, eta egitasmo honen gisako sasi irtenbideak, gizakien bizia artifizialki luzatzeko tresnak bezalakoak besterik ez dira. Eta nik behintzat ez dut nahi hori euskararentzat. Horregatik zeharo elkortu aurretik ekin diezaiogun lanari, euskarak fruitu eta kimu berriak eman ditzan.


Utzi iruzkina: