Euskaraz eta kitto!!

euskarazetakitto 1456132563434 Euskara eta Real Politik | 2006-11-14 16:29

Urte guztian zehar, batean eta bestean ikusten ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan erdarazko seinaleak ezabaturik. Hamaika era ezberdinetan eginiko ezabaketa, euskarak jasaten duen zapalkuntza argiki islatzen den ikurretan, euskararen presentzia aldarrikatu asmoz. Hala ere, azaroa inguruan Euskal Herrian Euskarazek deitutako ezabaketa egunen testuinguruan ezabaketa dinamikak asko ugaritzen dira, iaz adibidez 1.500 seinaletik gora ezabatu zirelarik garai honetan. Ez zen marka makala izan iazkoa, baina aurten guztion artean gainditu behar dugu kopuru hori. Azken urteetan gorantz doa kopurua etengabe, eragina handia da; hala ere, onartu behar da ere oraindik urruti gaudela aldarrikatzen duguna lortzeko behar dugun eragin mailatik.

Esan bezala baina, eragina eman dezakeena baino handiago da. Hori horrela, hamaika eztabaida pizten dira ekimen honen inguruan, eta batzuen ahotatik ez dira gainera hitz goxoak entzuten. Elebitasunaren apologia egiten duten horietatik jasotzen direlarik irakurketa suntsikorrenak. “Zergatik ezabatzen dira seinale elebidunak?” “Euskarari kalte egiten zaio ekimen horiekin, eta erdararen aldekoei hauspoa ematen zaie!”. Horrelako esanen aurrean argi eduki behar dugu, Euskal Herriko zonalde batzuetan gaur egungo egoeran aurrera pausoa izan daitekeen arren, seinaletika erdara hutsean egotetik elebidun izatera pasatzea, ez dela inondik- inora euskararen berreskurapenerako aski. Ez dezagun ahantz elebitasun errealik ezin dela eman. Beti izango baita hizkuntza bat bestea baino indartsuagoa, bata bestearen gainetik egongo da beti. Horietatik ahulena dena egoera diglosikoan egotera behartuz.

Azken finean, elebitasun horren atzean dagoena zera da, erdaldunak euskara jakin gabe lasai ederrean bizi ahal izatea. Inongo beharrik ez diote sortzen erdaldunari eta ondorioz, gaur egungo egoera mantentzeko tresna bihurtzen dira ikur elebidun hauek ere. Ezin ahaztu gainera leku izenen kontua. Izan ere, izen bat ezin da itzuli. Beste hizkuntzetan, noiz ikusi dugu hori? Ulermenaren aitzakia jartzen digute sarri, baina ba al da norbait New York ulertzen ez duenik, nahiz eta ingeles hiztun ez izan?

Beraz, euskararen erabilera aldarrikatuz ezaba dezagun erdara ikur, seinale eta eguneroko bizimodutik. Jarrera muturrekoegia dirudien hori euskararen egoera iraultzeko modu eraginkorra baita, gaur egungo egoera luzatzen bada, ikurretako elebitasunean bakarrik geldituko delako euskara eta herritarron ahoetatik galduko delako.

Azken finean presente eduki behar dugu hizkuntza gatazka eta zapalketa indarrean dagoela eta ondorioz, euskararen biziraupen eta garapena kolokan direla gaur egunean ere. Honek maila guztietan euskarari lehentasun osoa ematea eskatzen digu. Hizkuntza eskubideen defentsa areagotzea, murrizketak salatzea eta gauza ez daitezen ahalegintzea eta euskararentzat behar ditugun aldaketak aldarrikatzea funtsezkoa da, egunerokoan eta kalean. Indar handiz euskaltzale guztiok euskararentzat behar duguna aldarrikatzeko unea da.

Bakoitzak dagokigun arduratik eta lekutik, baina euskarari lehentasunez heldu behar diogu, herritarrok presioa areagotu eta euskalduntze lanean gure parte hartze aktiboa gauzatu behar dugu. Euskarak behar duen aldaketa bultzatzeko indar guztiz ekin behar diogu, euskaraz biziko den Euskal Herria sortzea helburu.

Euskararik gabe Euskal Herririk ez dagoelako, ezabatu dezagun erdara bazter guztietatik!!!


Utzi iruzkina: