Euskara gabe Euskal Herririk ez!

euskarazetakitto 1456132563434 Euskara eta Real Politik | 2006-10-19 01:31

Gaurkoan, Euskal Herrian euskara normalizatzeko beharrezko neurrien inguruan jardun nahiko nuke. Hizkuntza eskubideak bermatu behar direla esan eta esan gabiltza batean eta bestean, baina badirudi agintariek ez dutela eskubideen bermerako pauso egokirik eman nahi. Edo eman nahi dute baina ez dira pauso hori ematera ausartzen? Ze pausoren inguruan nabilen? Ba, euskal herrian euskara ezagutu beharra derrigorrezkoa izatearen inguruan. Bada behingoz gauzak argi eta garbi esateko ordua, epelkeriak alde batera utzita.

Eta puntu hau ekarri nahi dut gaurkoan hona, azken aldian euskararen aldeko pausoak emateko borondate eske hitz dezente entzun dugulako zenbait agintariren partetik. Eta bereziki baskongadoetako agintarien ahotatik gabiltza nonahi horrelakoak entzuten. Administrazio publikoko langileak ezin omen dira bortxaz euskaldundu… enpresarioek beraiek daukaten borondatearen arabera hartuko omen dituzte euskara erabiltzearen inguruko neurriak… Hau da, eskubideak bermatzea helburu izan beharko lukeen hizkuntza politika egin beharrean, erdaldunak ez asaldatzea helburu duen hizkuntza politika aldarrikatzen dihardute.

Eta aski da, aski da diot, 25 urte pasa direlako euskara ofiziala denetik zonalde honetan. Baina horrelako ofizialtasunarekin ba al dauka euskarak gerorik? 25 urteren ondoren ezagutzaren derrigorrezkotasuna mahai gainean jartzeko ausardiarik ez badago, balio al digu ofizialtasun horrek? Ba ez, noski ezetz. Eta orain arte ere euskaldunok ozen egin badugu ere honen aldeko aldarria, gatazka gainditzeari begira zabalik den bidean ere argi utzi behar dugu euskarak benetako ofizialtasuna beharrezko duela normalizazio bidean pausoak emateko. Eta noski euskarak barne hartzen dituen lurralde guztietan.

Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat. Ofizialtasuna. Hitz gutxi hauek ederki laburbiltzen dute euskaldunok zeren alde egin behar dugun borroka aurrera begira, horixe delako bide bakarra euskararen normalizazioa lortzeko. Borondatearen, errespetuaren, malgutasunaren… politika zakarretara bota eta ezagutu eta erabili beharrarena lortu beharra dugu Euskal Herri osorako.

Baina euskal herritarrok legedi aldaketa hau eraiki beharra daukagu, hemen inork ez digu ezer oparituko eta. Euskal Herriaren eraiki nahi dugunok, Urriaren 28 eta 29an Burlatan dugu zita. Nazio Eztabaidaguneak deituta, urteroko Nazio Eztabaida burutuko baita bertan, baina ekitaldi hortaz gain, badira bestelako tailer, hitzaldi, bideo-emanaldi, erakusketa… herritarren parte hartze zabalari begira jarritakoak. Animatu eta joan gaitezen bada eraiki nahi dugun Euskal Herria irudikatuko den Burlatara. Badaukagu hamaika lan guk espero eta desio dugun Euskal Herri hori eraikitzeko, baina egon ziur indarrak batu eta norabide berberean jartzen asmatzen badugu, ez dela hori gelditzeko kapazitaterik edukiko duen areriorik izango. Eraiki dezagun bada Euskal Herria auzolanean!!!


Utzi iruzkina: