Neure Bidean Zeudenak
NEURE BIDEAN ZEUDENAK(06/03/07 Goierriko Hitza)
Argazki baten bila , gauzak txukun izaten baina, ez naiz abila.Eskuan argazki sorta, gehienak pasa, ez zitzaizkidan asko inporta. Eskuak izoztu dira, begiradaren lausoa urruntzen ari da, argazki bitxi bat ageri da.
Ni nengoen hor, lagun batekin eserita, inguruan ez zegoen inor baina kioskoa zabalik, irekita. Izozkien kioskoa, amaren pagaz mantendutako txokoa, garai hartan jarri zait berehala gogoa.Garai bateko pergolaz oroitu naiz, gauza asko aldatu direnaz ohartu naiz, eta nola ibiltzen nintzen zabu berdetan aldarte alaiz eta nola joan behar izaten nuen etxera garaiz.
Zabu pareko gurutze gorria, autobus geltoki maitagarria, gris koloreko kiosko handia eta pergolak atzetik ixten zituen pareta zuria. Zahartzen hasi ote naiz ni ere,ez da hainbeste denbora pasa hala ere,baina aurrerabidea ez dago bare.Gaur, kafetegiko eserleku eta mahi borobilak daude gurutze gorriaren tokian, bide gorria pareta zuriaren tokian,hutsunea izozkien kioskoaren tokian,eta landarez apaindutako errotonda bat, autobus zuri berdeen tokian.
Hiruzpalau trenbide aparkaleku bilakatu dira eta pilotaleku txiki bat jaio da , guretzako agian txikia , baina umeentzako egokia,eta oinetako ere berriak,gorriak ditu egun Pergolak. San Martin gajoak ere liftinga egin du, urteroko herriko festek ez dutelako barkatzen eta ezin da itxura mantendu.
Ni ere ez naiz berdin mantendu, nire burua begira ari zaidala ematen du, atzo gertatutako zerbait aipatu nahi didala dirudi baina ordutik egin du bai makina bat euri eta esku artean izan ditut lausotutako hamaika irudi.
Irudiak irudi baina, orri bakoitzean marrazki bat duen liburua behatz potoloaz pasatzen denean bezala , aldaketa ikusten da alajaina, mugimendua ikusten da.Mugimendua eta aurrerabidea , bidean aurrera doaz, baina nik Ruperrek Santutxoaren aurreko ezkia betiko behar zuen bezala, behar nuen gure santutxoaren inguruan zeuden kiosko, horma zuri edo zabu berdeak.
Bitartean sorta miatzen jarraituko dut, irudi berri batek gogoeta berri bat sortaraziko didalakoan eta bestela abestia entzun eta begiak itxiko ditut,Oi aurrerabidean hainbat gauza bazterrera bota,galtzadak, zuhaitzak, etxeak, neure bidean zeudenak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: