Hotelmania
HOTELMANIA
Jolas baten izena ematen du, tablero baten gainean hiruzpalau fitxa koloredun jarri, dado txiki bat hartu , dirua banatu eta jolastera. Baina hau ez da Monopoly, hau Hotelmania da eta ez da jolas bat.
Hotelmania izarrik gabeko eremu anatomikoetan zabaltzen ari den joera bat da. Baserri zahar pitzatuak hotel bilakatzen dituena, Dolare bakarra xahutuz edo ikearrizko abileziaz edozein Olazabal edo Tiger bilaka dezakeena.Aisialdia itxialdia bilaka dezakeena ,azken finean, proiektu motelak hoteletan gordetzeko jarrera.
Aisialdiaren heriotza eta aisi gune erraldoien jaiotza, legezko egitasmoa eta ezinbesteko garapena. Legezkoa, Hotelmaniak legea betetzeko estrategiak eraikitzen dituelako eta legeak dituen zirrikituetan zabaltze lanak bultzatzen dituelako,eta lan horiek hasi ditu dagoeneko, segur aski.Legezkoa beraz izanen da, baina ez bidezkoa, eguraldi oneko igande arratsalde aspergarriak konpontzen dituen eremua hesiz inguratzea ez delako bidezkoa, hilabete amaiera iritsi dela eta, diru zorroa bigun dagoelako ,igande arratsalde horretan etxean geratu beharra, ez delako bidezkoa.
Garapena dakar Hotelmaniak, garapen jasangarria gainera , jolasaren porrota jasan daitekeelako, jasangarria baita, bihotzekoak ez gaituelako eramango honegatik. Jasangarria da, eskabadoreak maite dugun gunea aurretik nola eramaten duen ikustea jasan daitekeelako eta nahi duenak nahi duena inori galdetu gabe egiten duela ikusteaz ohituak gaudelako eta jadanik jasangarria zaigulako.Hala ere garapen hau penagarria da eta ulergaitza, herriarena dena saltzea ez delako hain erraz ulertzen.
Baina hotelmania modan dago eta asmoak bete egingo dira, egitasmoak egitura bihurtuko dira eta satorrek zelai artifizialeko zuloetan lo egin beharko dute.Hala ere oraindik badugu aisia, badugu astia, Oiangura joan eta arratsalde lasai batez gozatzeko, argazki kamera eraman eta atsegin dugun Oiangu betiko gordetzeko, eta nahi bada Goierritarreko “foto zaharra” atalean ateratzeko.
Bukatzeko honako esaldiaren bigarren zatia osatzeko ariketatxoa jartzen dizuet, bakoitzak jarri beza berea:
Guztia herriarentzat, baina_____________________.
Agur Oiangu , agur Dolarea!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: