Gainera Neguan berogailua jartzen dute

euskarapoesia 1456132556391 Lehengaia euskara | 2006-02-05 01:41

              (Urtarrilaren 29an Goierriko Hitzan argitaratua)

                   Gainera neguan berogailua jartzen dute

 

            Trenean bitxikeria asko gertatzen dira, bitxikeriak eta bitxitasunak Lehengo astean egunero bezala trena hartu nuen Beasainen.Ariketa automatikoak egin nituen, treneko atzeko alderantz abiatu, botoi berdea sakatu , eskuinetara begiratu eta bagoitik bagoirako pasabide ondoko lauko tarte hutsa bilatu.Nik trena hartzen dudan garaian leku dezente egoten da eta bilatzen dudana aurkitu ohi dut. Lehengoan ordea, eskuinetara begiratu bai, baina ez nintzen bagoi hondora iritsi, ohartzeke eserita nengoen, baina ez ohiko tokian, ezkerraldean gertatzen ari zenak automatikotasuna edo automatikokeria apurrarazi baitzidan.

            Laurogei urte izango zituen, ezker belarrian aparailu handi bat zeraman eta makila bat eskuan .Emakume bat, non geratu behar zuen galdezka, kezkatuta, arduratuta, gizonak ez zekiela, aurrean geratuko zela.Emakumeak Zumarragan jaisteko eta bertan lagunduko ziotela, paper horia erakusteko, gizonak, ez zuela horrelako paperik eta ezetz bera aurrera zihoala.Emakumeak ea Brinkolara ote zihoan, gizonak ezetz, emakumeak nora joan nahi zuen, gizonezkoak ez zekiela.

            Emakumea eta ni Zumarragan jaitsi ginen, gizonari ere egin genion gomita, ez zuen onartu, emakumea lanera abiatu zen ezkerralderantz ni lanera eskuinalderantz, gizona inorantz zuzen eta errukia eman zidan gizonak iparrorratza aspaldi matxuratu zaiolako.

            Lanetik irten eta Zumarragako geltokira sartu nintzen trena baina hamar minutu lehenago, eserleku zuri belztu batean eseri nintzen, ondoan gizon bat nuen. 80 urte izango zituen eta belarrian aparailu handirik ez zeraman. Begira geratu nintzaion, iparrorratzik ba ote zuen pentsatuz, berak ere begiratu egin zidan, begiradak korapilatu zitzaizkigun eta makulua zuzendu zuen niregana “ Hi Lazaron Biloba izango haiz!” , nik ezetz (ez bainaiz), “Hi ez al haiz Osinalde?” nik ezetz ( ez bainaiz). Hala ere Lazaron berri eman zidan hamar minutuz , non jaio zen, zer egiten zuen eta beste hainbat kontu.

Orduan ulertu nuen belarrian aparailua zeramanak ez zuela iparrorratza matxuratua, orduan ulertu nuen zergatik ez zuen paper horirik patrikan. Orduan ikusi nuen asmatzen berarekin zeramatzan bi gailu sakonak, denbora eta bakardadea, eta trenean eta geltokietan bi gailu horiek erabiltzeko makinak dituzte, istorioak eta jendea.Gainera neguan berogailua jartzen dute.

 


Utzi iruzkina: