Abiadura handikoa
Beno, lehenik eta behin garai batean hemen zer edo zer idazten nuela gogoratu behar dut. Urtebete pasa da hemen sartzeke nenbilela eta psahitza ere kosta zait burutxo honetan bilatzea. Baina beno hemen da eta ondorioz hemen naiz.
Tren batez idazteko asmoz sartu naiz berriro ez dakit urtebeteko egonaldiaren ondorengo egokia den eta ezta gaiak hainbeste merezi duen ere, baina hala tokatu da.
Hala tokatu da, hori da gu nonbait jaiotzearen arrazoia, hala tokatu da, hori da gu garai honetan bizitzearen erantzuna eta erantzun bera du zein ingurune egokitu ote zaigun galderak. Itaunak itaun, gauza bera ihardetsiko dute gure ondorengoek eta ondorengoen ondorengoek "hala tokatu da" baina denboraren poderioz ohartzen naiz ez zaigula tokatu, gure aurrekoen ondasuna dela ingurunearen nolakotasuna neurri batean behintzat.
Abiadura handiko trena denon ahotatik irristatu den hitz multzoa da, baina gehienetan horretan geratzen da, laprast egiten du baina gaiari heldu aurretik irensten dugu berriro, listua bailitzan.
Baina Abiadura Handiko Trenak izango dituen balizko abantaila guztien gainetik gure ingurunea aldatzea ekarriko du (ez naiz sartuko expropiazio kontutan) gutxienez. Hain harro goraipatzen dugun Euskal Herri menditsuari hortzetako aparatua jarriko diote behin betiko, baina ez pentsa horrek denborarekin gure mendiak konponduko dituenik! Agian norbaiten poltsikoa konponduko du eta norbait horren ondorengoena ere, baina mendiari ez dut uste onurarik egingo dionik.
Gehienok egiten dugu berehala so mapan eta lasaitasuna datorkigu, beno nire etxetik ez da pasako eta hor konpon! baina sarraskia begiak itxita ere nabariko da. Egia da berehala ahaztuko direla sarraskiak nola gerretan ahazten diren hildakoak, baina gertatu aurretik begiak irekitzen baditugu agian ez da sarraski hitza erabili beharko.
Badakit askok esango dutela, zein argumentu ahula mendiarena! joaten ahal da ba tipo hau mendira? axola al zaio ba mendia? edo trenaren aurka jarri behar eta nonbaitetik heldu behar dio? ez ditut galdera horiek ereantzungo ez dut uste merezi duenik ere, baina nik ez nuke hortzetan ezer konponduko ez duen aparatorik jarriko, hain garestiak izanik, gainera!
Erabakia ez dakit gurea den, baina zerbait egin ahal izango dugu, ezta? edo agintariak ez izan eta isilik geratu behar dugu "hala tokatu delako?"
Iruzkinak
Utzi iruzkina: