German Valverde liburutik kanpo
Zerbait gaizki egiten dugunean, «desegin» agindua —Control Z— datorkigu gogora, senez. Baina bizitza erreal deritzogun horretan, pantailetatik kanpokoan, ez dago egindakoa eri-kolpe soil batez desegiterik.
Egindakoa desegitekoa ez bezala, «kopiatu eta itsatsi» eta «bilatu eta (denak) ordeztu» aginduak ez dira guztiz ezinezkoak pantailatik kanpoko bizitzan. Gero eta errazago jartzen dizkigu gaur egungo bizimoduak, teknologiari esker, batetik, garaiko joerengatik, bestetik, «likidotasunagatik» esango luke agian Zygmunt Baumanek.
Kontuz egin beharreko eragiketak dira, ordea, «kopiatu eta itsatsi» nahiz «bilatu eta (denak) ordeztu». Anjel Lertxundiren narrazio batean, Antton Valverde kantaria German Valverde bihurtu zen, idazleak Antton izeneko pertsonaia bati izena aldatu eta German jarri nahi izan zionean, Antton guztiak bilatu eta German bihurtzeko agindu baitzion ordenagailuari.
Liburu hartan geratu zen German Valverde, eta anekdota hutsa izan zen, Lertxundik graziaz gogora ekartzeko ederra. Baina liburutik kanpoko German Valverde batekin topo egiteak ez du beti grazia handirik egiten.
Iruzkinak
2025-02-03 12:05 #1
Antzeko kasu bat izan liteke Lisa Beitia eta Laia Beitia ahizpa bikiena, biak idazleak, eta liburu beraren egileak ("Hemen ere ez" egunkari pertsonala). Nahiz eta kasu hori ez dudan inon ikusi, liburutik kanpo. Badakizu, menturaz, nola gertatu zen?
Juan Luis Zabala 2025-02-03 12:14 #2
Laia Beitia? Aipatu dut inoiz nik Laia Beitia? Non? Hala izan bada, ez daukat gogoan, eta ez dakit nola gertatu den, baina, izatekotan, ohartu gabe.
Utzi iruzkina: