Musikak gure sentimenduetan duen eraginari buruz...
Zenbait abestik momentu batzuetan negarra eragin diezagukete. Zer dela eta sortzen ote ditu horrelako emozioak arrotza zaigun pertsona batek asmatutako letra eta doinuak? Gure sentimenduetara iristen direlako eta hor aurkitzen da musikaren gakoa edo magia.
Sentimenduak kontrajarriak izan daitezke, abesti batzuek benetan gorrotatzen ditugu eta doinu horiek gure belarrietan sartu orduko ohikoa ez zaigun instintu hiltzailea dakarkigute abeslari horrekin akabatzeko asmoz. Beste abesti batzuek moda kontuak dira. Badira, ordea, abesti batzuek niretzat, onenak, zenbat eta gehiago entzun gero eta gehiago gustatzen zaizkigunak, abesti horrek irauten duen denbora gozatu egiten dugulako. Melodia horiek ideia gozoekin erlazionatu ditzakegu, gure bizitzako momentu garrantzitsu bat ekarri ahal digute gogora, amets egiteko parada utzi diezaguke…azken batean, esanahi berezi bat dute guretzat, ona edo txarra baina ahaztezina, eta doinu edo letra hori ezin dugu banatu gure bizipenetatik.
Baina ez dut hitz egingo abesti absolutu horien inguruan, ez nuke nahi blog honetan nire sentimendu sekretuenak agerian uzten ditudan bitartean zuoi, irakurleoi, aspertu…Beraz, pisu gehiegi ez duen anekdota bat kontatuko dizuet.
Gidatzeko baimena ateratzeko sufrimendu prozesuan erabat murgildurik nago azkenaldi honetan. Teoria nekagarri eta jasangaitza gainditu eta gero zati praktikoa dator. Ai eta zein onak diren hasierako praktika horiek! Zein dibertigarria egiten zaigun lehen aldi horietan errepideetan barrena ibiltzea…batez ere ondoan pertsona bat badugu edozein hanka-sartze zuzentzeko!!!Hasierako ordu hauetan ez dio axola kamioi astun eta mantso bat aurrean aurkitzea, ezta gidari pipermendu batek bozina jotzeak...baina zein motza ohi den sarri gauza berriek sortzen diguten hasierako grina! Batez ere, kanpoan ikasten baduzu eta asteburuan, bi ordu trenean egin eta gero estazioan itxaroten dizuna autoeskolako autoa bada… hitz batean, amesgaiztoa.
Abesti hori desesperazio momentu gogor batean etorri zen ni salbatzera. Lau ordu neramatzan hankak luzatu gabe (treneko bi orduak kontuan hartu) bitarte horretan ia bi amona harrapatu nituen, ia furgoneta bat jan nuen eta pare bat stop saltatu nituen. Egun txar baten biktima nintzen. Gertaera guztiak asimilatu ezinik, zoritxarreko egoera mental batean ari nintzen barneratzen eta nire masailean negar malko bat sentitzen hasia nintzen (egia da bestalde, negar egiteko erraztasun handia dudala) baina instante erabior horretan Shakira etorri zen ni kontsolatzera!!!Auto baten iragarkiko musika den bere abestia jarri zuten irratian, eta bat-batean maisuak ahoa zabaldu zuen ohikoa duen isiltasuna apurtuz eta azterketa zein egunetan izango nuen esan zidan. Ez didazue sinistuko baina, momentu horretan zeruak beste kolore bat hartu zuen eta gidatzeko baimena eskuan nuela sentitu nuen. Tamalez, ez da horrela eta ostiralean ebaluatuko didate. Baina lehen esan dudan bezala horretan datza musikaren magiak.
Iruzkinak
soriakobanderaduna 2007-12-04 09:00 #1
<p>Askotan musika barneak askatzeko metodorik onena izan daiteke. Urduritasun egoeratan musika lasai batek agian tila batek baino gehiago lasai zaitzake. Azken finean musikak hori egiten baitu, askatu, imaginazioa askatu, ametsak askatu, sentimenduak askatu, urduritasunak askatu, negar malkoak askatu, gorrotoa askatu. Hori da musika, hori da bizitza.</p>
<p>Kotxearen istorio anekdotikoari buruz, ba eskerrak Shakira atera zen. Imajina ezazu Estoparen "Acelera un poco más" edo Fary-ren (goian bego limoiak jaten) seme Javi Canteroren "Y cuando mas acelero" jarriko balute irratian agian erderaz esaten den bezala "a la tercera va la vencida" eta amonaren bat harrapatuko zenuen. Ez zait harritzen. Hurrengoan musika lasaia eraman kotxera, ezer adierazten ez dizutenak, ez baita komenigarria bolantea eskuetan duzunean burua lainoetan edukitzea.</p>
<p>P.D.: Abisatu noiz ibiltzen zaren kotxean, mesedez. Konfiantza badut zugan baina oraindik nere bizitza asko estimatzen dut.</p>
Utzi iruzkina: